Aurten aldaketa nabariak izango dituzte Laudioko erraldoiek, Terenciok eta Tomasak. Hasteko, Sebastian Martin 'Txanin' eta Jose Ignacio Goikoetxea 'Txetxu' ez dira egongo jadanik jaietako pertsonaia horien barruan. Laudioar beterano horiek ez dituzte berriro aterako, 40 urtez baino gehiago ardura hori hartu ostean.
Hain zuzen, ibilbide luze hori aitortzeko, Txanin eta Txetxu izango dira aurtengo pregoilariak.
Baina hori ez da guztia izango. Berez, Julen Anda eta Andoni Sanchez gazteek beteko dute geratuko den hutsunea, eta euren bizkar hartuko dute erraldoiak ateratzeko ardura.
Zorionez gazte horientzat, Laudioko Udalak konponketak eta hobekuntzak egingo dizkie Terencio eta Tomasari, eta euren pisuak erdira murriztuko dituzte. Gauzak horrela, Tomasak 20 kilo inguru pisatuko ditu, eta Terenciok 30 baino gehiago.
"Berriro erraldoiak eramatea pentsatzen ari gara", esan zieten Txaninek eta Txetxuk txantxetan Julen Anda eta Andoni Sanchezi atzo, Aiaraldea Komunikabidearekin izandako solasaldian.
Aiaraldea Jaietan aldizkarian argitaratuko den elkarrizketan, Andak eta Sanchezek aipatu zuten Terencio eta Tomasaren rola ez dela gehiegi aldatuko aurten, baina sorpresaren bat ere iragarri zuten.
Erraldoi historikoak
Egungo erraldoiek ia 30 urte bete dituzte. Izan ere, aurrekoek kalteak izan zituzten sute baten ondorioz eta, bereziki, norbaitek 1992an ostikoak eman ostean. Urte horretan Enpresa Aragonesa de Fiestasen bitartez eskuratu zituen beste bi erraldoi, antzezkoak zirenak, eta bitartean agindu zuen Terencio eta Tomasa berriak ekoiztea. 1993tik gaurdaino horiek ez dira aldatu.