Kultur sorkuntza Aiaraldean

Antonio Aldama Tejada (1934-2022): Bizitza margolaritzara bideratu duen laudioarrari buruzko zertzelada batzuk

Txabi Alvarado Bañares 2022ko uzt. 18a, 09:01

Antonio Aldama Tejada, bere etxeko ganbarako tailer txikian. / Aiaraldea.eus

Iragan asteazkenean zendu zen artista laudioar beteranoa, 88 urterekin. Aiaraldea Komunikabidea berarekin mintzatu zen duela sei urte, eta elkarrizketa horretako zenbait pasarte ekarri ditugu hona. 

Iragan asteazkenean zendu zen Antonio Aldama Tejada, 88 urterekin. Artista laudioarrak bere bizitza osoa bideratu zuen gaztetatik pasiotzat izan zuen horretara: margolaritza. Hala azaldu zion Aldamak Aiaraldea Komunikabideari 2016an eginiko elkarrizketan: “Askotan kontatu izan dut istorio hau. Anai bat daukat, ni baino hamar urte gazteagoa dena. Gabonetan belen batzuk egiten nizkion. Egurrez tailatu eta margotu egiten nituen. Egun batean nire aitaren lagun bat etorri zen, Bilbotik. Belenak ikusi zituenean galdetu zuen: ‘Nork egin du hau?’. ‘Nik’, erantzun nion. Margotzeari ekin behar niola esan zidan orduan”. 

Orduan hartu zituen pintzelak lanabes moduan, “modu erabat autodidaktan”, eta ez zituen inoiz albo batera utzi. Pinturak “dena” eman zion, bere hitzetan. Bilakaera handia izan zuen urteetan zehar, “aspektu guztietan”. Baina adinak ere eragina izan zuen bere azken urteetako marrazketan. Begi-lausoen operazioa egin zioten, eta horrek “erabat” aldatu zuen bere koloreekiko pertzepzioa. “Orain askoz argitasun handiagoarekin margotzen dut”, aitortu zion Aiaraldea Komunikabideari bere etxeko ganbaran kokatutako tailerrean izandako solasaldian. 

Nekea ere pilatzen joan zitzaion. “Lehen bazeuden egunak zeintzuetan 10-12 ordu pasatzen nituen pintatzen. Orain ezin naiz bi orduz jarraian egon, besoak huts egiten didalako”, azaldu zuen ordukoan. 

Inspirazioa, baina, ez zitzaion inoiz faltatu. Bere hitzetan, “berezko sena” zuen gaiak bilatzeko. “Denetarik” margotzen zuen, “bodegoiak izan ezik”.  Laudio eta Aiaraldeko paisaiak zituen bereziki gogoko. Hori bai, azken hamarkadetan antzinako diapositibak erabiltzera pasa zen, gaur egungo paisaiek antzinakoak bezainbesteko “kalitate kromatikorik” ez zutela argudiatuta. “Laudion bazeuden pintatzeko laupabost auzo polit. Gaur egun desagertuak daude”. 

Oso modu xumean egiten zuen lan Aldamak, lan horrek izan zezakeen oihartzunari erreparatu gabe. Baina izan zuen oihartzuna, bai. Makina bat erakusketetan ikusi ahal izan dira bere koadroak azken hamarkadetan. Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan egin zuen azkenetarikoa, eta San Roke kofradiak ere bere ibilbide osoaren errepasoa egin zuen hamarkada hasieran, beste erakusketa arrakastatsu baten bidez. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide