Azken egunetan pairatu duten bero “jasangaitza” salatu dute Ellakuriko igerilekuetako langileek. Nabarmendu dutenez, beheko sarrerako etxolan ez dago inolako aire giroturik, eta tenperatura oso altuak pairatu izan dituzte horren ondorioz. “Goiko sarrerako etxola, aldiz, klimatizatua dago, eta sorosleek itzalkinak dituzte”, nabarmendu dute.
Gauzak hala, beheko sarreran baliabide berdinak izatea eskatu dute langileek baina, salatu dutenez, Udalak uko egin dio baliabide material gehiago jartzeari. “Gure artean txandakatzea eta ura edatea gomendatu digute, hori baino ez”.
Azken egunetako beroa “jasangaitza” bilakatu dela azpimarratu dute beharginek, 40 graduko langara iritsi direlako: “Zorabiatzera iritsi egin gara etxolan”.
Ellakuriko igerilekuetako langileen prekarietatea ez da albiste berria. Iaz gorabehera larriak bizi izan zituzten beharginek azpiegituren kudeaketaz arduratzen zen enpresarekin. Epaiketetan sartuta daude uneotan, eta Udalak berriz esleitu du zerbitzua.
Ordea, beste gauza batzuk ez dira aldatu. “Urtero errepikatzen den afera da beroarena. Langile batzuek bost urte daramate egoera bera pairatzen”. Ildo horretan, "lotsagarritzat" jo dute tokiko erakundearen jarrera.
LAB sindikatuak ere salatu langileen egoera ohar baten bidez.