Laudioko jaietan egongo zarete. Ez, ordea, lehenbiziko aldiz.
Laudion eta Amurrion jo izan dugu, baina parranda testuingurutik kanpo. Laudion, frontoian egon ginen pandemian, jendea aulkietan eserita zegoela. Amurrion, Burubion, birritan egon gara, asteburuetan. Jaietan ez gara egon inoiz, espero dugu harrera ona izatea: jendea dantzan eta zutik ikustea. Guk beti ematen dugu egurra!
"Laudion harrera ona izatea espero dugu: jendea dantzan eta zutik ikustea. Guk beti ematen dugu egurra!"
Noiz eta nolatan sortu zenuten Dupla? Nola laburtuko zenukete gaur arteko bidea?
2019ko udan eman genuen Duplaren lehen kontzertua, baina betidanik ibili gara musika egiten eta saltseatzen. 2018 bukaeran atera ginen Dupla gisa, eta hortik aurrerakoa jendeak ikusi duena da.
Zer da Dupla? Nola definituko zenukete taldea?
Musika egiten duen bikote bat gara. Estiloari dagokionez, elektronika, hip-hop, rock… musika elektronikoa esango genuke. Orain, irratia piztuz gero, entzuten den gehiena elektronikoa da: ordenagailuarekin egiten den musika (rocka kenduta).
Geroz eta gazte gehiago daude eszenaratzen. Kasualitatea da?
Gu txikitatik aritu gara. Geldialdi bat egon da azken urteetan, betiko talde pare bat kenduta, Euskal Herrian ez zegoen ezer. Gu plazaratzean, esaterako, ez zegoen erreferente askorik. Pandemiagatik edo garaiagatik, geroz eta lagun gehiago daude gure antzerako musika egiten.
“Prozesu naturala izan da euskal musikak beste estilo batzuetatik edatea”
Euskal kantugintzak behar zuen beste estilo batzuetatik edatea ere?
Ezinezkoa da ez gertatzea, prozesu naturala da. Gustatzen bazaizu ondo, eta bestela ere. Guk betidanik izan ditugu taldeak, eta ordenagailuarekin egiten zirela gauzak bagenekien. Orain, booma eman da: YouTubetik basea jaitsita posible da egitea. Orain denen eskura dago dena, horregatik ere izan daiteke gorakada.
2019an sortu zenuten taldea. Denbora gutxian jo duzue goia. Harrera eta oihartzun handia lortu duzue Euskal Herri osoan…
Guk ez dugu horrela ikusten, egunero bizi izan dugulako prozesua. Guretzako egunerokoa da kontzertuak prestatzea, sortzea… Oso prozesu normala izan da, hasieratik argi genuen proiektu txukuna nahi genuela. Bizitza erdia daramagu musikagintzan, eta gauzak ondo egin nahi izan ditugu beti.
Kontzertuan zerekin egingo du topo jendeak? Zer du zuzenekoak berezitik?
Ikusi ez duenak, ez daki zer den hau: etorri eta bizi! Zuzenekoak dira gure indargunea, eta hor ikusten da zer egiten dugun. Espektakulu bisuala da, jendeari begietatik sartzea bilatzen dugu. Dena harilkatua egotea nahi dugu. Dupla ezagutzen ez dutenek ere badute beti abesti ezagunen bat: zuzenekoak asko zaintzen ditugu. Guretzat ordubeteko showa da. Hasieratik bilatzen dugu jendea zuzenekoan sartzea.
Udako zurrunbiloan sartuta, zein da zuen aurtengo plana?
Jo, jo eta jo. Astero 2-3 kontzertu ditugu, udaran 20-30 bat izango dira. Otsailean bira hasi genuenetik 50 emanaldi inguru ditugu zenbatuta.
Pandemiako etenaldia berreskuratzen ari da?
Bai. Guk, hala ere, zortea izan genuen iaz. Pandemia garaian ere kontzertu batzuk egin genituen, jendeak eserita egon behar bazuen ere. Udal asko ari zaizkigu deika, hurrengo urtean auskalo, agian ez dugu jotzen!
Zuzenekoak asko prestatzen dituzuela diozue. Nolakoa da zuen sorkuntza prozesua?
Sorkuntza nahiko azkarra izaten da, gehiago luzatzen gara konponketa eta azken ukituetan. Lehen ideia egun bat edo biko kontua da, erraz ateratzen dugu: kitarra hartu, ordenagailuan loop-a egin… Funtziona dezakeela uste badugu, lantzen jarraitzen dugu. Nahasketa eta masterra izan ezik, beste guztia guk egiten dugu (grabaketa ere bai).
Aukerak ala oztopoak, zer ditu gehiago gazte sorkuntzak?
Beti egongo dira mugak, baina ikasi eta hezitu beharra dago: musika ez da bakarrik abestiak egitea, gauza asko dira. Kantuak egiten, ateratzen eta promozionatzen jakin behar duzu. Gauza asko dira, eta hori ikasi egiten da. Guk lehen ateratzen genituen kantak lagunek entzuten zituzten bakarrik. Musikaria izateko ez da aski kitarra jotzen jakitearekin.
"Musika ez da bakarrik abestiak egitea, gauza asko dira; kantuak egiten, ateratzen eta promozionatzen jakin behar duzu"
Sortzea bezain garrantzitsua da gorpuztea, beraz.
Letra politak ateratzea ere inportantea da, jendeak ulertu eta onartu behar du. Gero, bada puntu polit bat: inork ez daki zertan zabiltzan. Hala ere, badira gauza batzuk denok egiten ditugunak, eta ikasi behar direnak. Belaunaldi berriekin kontu asko aldatu dira: musikaz gain, zuzenekoa, merchandisinga… kudeatzen ditugu orain.
Zein mezu nahi duzue jaso edo zabaldu Laudioko kontzertuaren bidez?
Mezua baino, energia da kontzertuen bidez zabaldu nahi duguna. Jendeak gure energia barnean sartzea bilatzen dugu: euforia uneetan tope egotea, edota balada denean lasaiago sentitzea. Partida batera gisa joaten gara gu zuzenekotara, dena ematera. Era berean, jendeak guri ere energia ematea nahiko genuke, baina ez dugu ezer eskatzen. Laudion, adibidez, musukoarekin eta eserita zeuden azken kontzertuan. Jendeak gure sinergia jasotzea eta ematea nahi dugu, feedbacka.
Belaunaldi berrien erreferenteetako bat zarete. Zer esango zeniekete sortzaile gazte berriei?
Musika egitea, elkartzea eta lotsa gabe ateratzea. Herrian edo inguruan norbait baldin badago, batu eta egin. Lehenbizikoan ez da ondo aterako, baina ekin! Lehenbiziko kantuak ere oso garrantzitsuak dira… Guk ez dugu talentu ez magia berezirik: ekin, eta batez ere, bidea disfrutatu!