SUZIRI JAI BATZORDEA

“Jaiak ez dira berdin bizitzen barrutik edo kanpotik”

Txabi Alvarado Bañares 2022ko abu. 11a, 07:00

Jaiak Koordinakundeko kideak dira Miriam Agüero Suarez eta Eneko Sanchez Ginea. / Aiaraldea.eus

MIRIAM AGÜERO SUAREZ (Laudio, 1991) eta ENEKO SANCHEZ GINEA (Laudio, 1997) Itzelak eta Azkenak kuadrilletako kideak dira hurrenez hurren, eta Laudioko Jai Batzordearen barruan dabiltza sanrokeetarako ekintzak antolatzen. Jaietan aktiboki parte hartzeko deia luzatu diote herritar orori. 

Hiru urte igaro dira Laudioko Jaiak azkenekoz ospatu zirenetik. Zaila izan da berriz martxa hartzea?

Miriam Agüero Sanchez: Apur bat kostatu zitzagun hasieran. 2020. urteko abuztuan bagenuen zeozer egiteko asmoa, baina azkenean ez genuen ezer egin, Udalak esan zigulako ezin zela ezer antolatu, osasun egoeragatik. Horregatik, bertan behera geratu ziren buruan genituen ekintza horiek. 

Aurten otsailean hasi gara biltzen. Berandu da hori, normalean aurreko urteko azken hilabeteetan hasten baikara Sanpedropekoetarako ekintzak pentsatzen. 

Eneko Sanchez Ginea: Izan dugun geldialdiak eragina izan du gure antolakuntzan, baina egia da baita tramite guztiak aurreratuak genituela jada, aurreko urteetatik. Horrek oinarri bat eman digu gauzak aurrera ateratzeko eta gure artean hobeto koordinatzeko orduan. 

Hiru urteko etenaldi honek kuadrillen mugimendua ahuldu duela uste duzue? Edo, kontrara, gogo gehiagorekin heldu diozue jaien antolakuntzari?

E.S.G.: Bi egoerak jazo direla esango nuke. Alde batetik, oso erreta zeuden pertsona batzuk Suziri Jai Batzordetik joan dira. Baina, era berean, pixka bat erreta zeuden beste batzuek gogoz hartu dute aurtengo jaien antolakuntza. 

M.A.S.: Hiru urte hauek ‘opor’ moduko batzuk izan direla esan daiteke (barreak), balio izan digu gauzak lasaitasun handiagorekin hartzeko. Otsailean hasi ginen berriz martxan, gogo handiekin. 15 egunero bildu gara, eta jendea gogotsu dago. 

“Berrikuntzak sartu ditugu betidanik egiten diren ekintza batzuetan, aire freskoa emateko”

Nolakoa izango dira aurtengo jaiak? Zer prestatu duzue?

M.A.S.: Saiatu gara betiko programa errespetatzen, gutxi gorabehera. Ekintza batzuk ‘historikoak’ dira, eta horiek errepikatzeko asmoa dugu. Baina badaude baita ekimen berriak. 

Zeintzuk?

E.S.G.: Jai tematiko bat egingo dugu, adibidez. Horrez gain, berrikuntzak sartu ditugu betidanik egiten diren jarduera batzuetan, aire freskoa emateko. 

M.A.S.: Jai tematikoa betidanik egiten da, baina aurten buelta bat emango diogu ekimenari. ‘Zirkua’ izango dugu ardatz, eta guztiak mozorrotuko gara gai horretaz. Ekintza berdina izango da, baina aire freskoarekin. 

Jaiak baino lehen ere baduzue zer egin: pankartak, ekintzen prestaketa… Nola bizi duzue atzera kontaketa?

E.S.G.: Azkeneko txanpan murgilduta gaude uneotan. Apur bat kaosa izaten ari da kuadrilen arteko koordinazioa: azken kontratazioak egitea, azken orduko erosketak burutzea, fakturak biltzea, txosna txandak banatzea, pankartak margotzea… 

M.A.S.: Niretzat oso esanguratsua izan da txarangak lotzeko izan ditugun zailtasunak. Toki guztietan gabiltza dena azken orduan lotzen. Eskaera handia dago, eta horrek asko zaildu du txaranga eta erromeriak lotzea, denak daudelako lanez gainezka. 

"Oso esanguratsua izan da txarangak lotzeko izan ditugun zailtasunak. Toki guztietan gabiltza dena azken orduan lotzen"

Suziri Jai Batzordetik jende bat joan dela aipatu duzue, eta beste batzuek ardurak gogoz hartu dituztela. Belaunaldi aldaketa bermatua dago kuadrillen mugimenduan?

M.A.S.: 2019an bi kuadrilla berri sartu ziren, baina gertatu zena gertatu zen eta gogoekin geratu ziren. Aurten hasi dira gauzak antolatzen. Sanpedropekoetan txosna txanda egin dute, adibidez. Baina egia da jende berria behar dugula, eta batzordean gazteak sartzea. 

E.S.G.: Berriketa ez da eman belaunaldi berriak sartu direlako, jada taldean zegoen jendeak jaien antolakuntzari gogo handiagoarekin heldu diolako baizik. Pilak kargatzeko balio izan du etenaldiak. Horregatik, kuadrilla berriren bat batzordean sartu nahi badu, oso ongi etorria izango da!

M.A.S.: Horretarako egin dugu Instagram kontua, ekimenak zabaltzeko eta Laudioko gazteengana heltzeko.  

Ez da ezer falta jaiei hasiera emateko. Zer helburu duzue aurtengo sanrokeei begira?

E.S.G.: Guztien partaidetza bilatuko dugu, gazteena eta herri osoarena. Errespetua ere sustatu nahi dugu, eta gozatzea, guztiek gozatzea. 

M.A.S.: Iritzi berekoa naiz. Aurreko batean bilera batean komentatzen genuen: gutako bakoitza kuadrilla batekoa da, adin ezberdinetakoak gara… baina batuta gaude, talde lana sustatzen dugu eta elkarrekintzan gabiltza kuadrilletan antolatuta ez dauden herritarrekin: gazteak, haurrak, nagusiak…

Zergatik da garrantzitsua Suziri Jai Batzordearen barruan antolatzea?

E.S.G.: Egia da lan egin behar dela, ez dugu gezurrik esango. Baina egia da baita ere ez dela berdina jaiak barrutik edo kanpotik bizitzea. Kuadrilletan aritzen bazara eta Laudioko Jaiak barrutik nolakoak diren ikusten baduzu handitu egiten da elkartasun-giroa eta askoz modu sanoagoan gozatzen da jaiez. Ez duzu zure kuadrillako zirkulu txikiarekin gozatzen, herri osoarekin harremanduta baizik. 

M.A.S.: Ilusioz prestatzen ditugu ekintzak, jende orok ondo pasatuko dugula pentsatuta, eta jarduera horiek ondo ateratzeak asko asetzen gaitu. Oso polita da hori. 

Uste dut aurten jende pilo egongo dela jaietan, gogo handia sumatzen da gazte zein helduen artean. Azpimarratzeko modukoak izango dira aurtengo jaiak. 

E.S.G.: Espero dugu Jai Batzordea indartuta ateratzea aurtengo jaietatik. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide