Erretiroa hartu berri duzu, Laudioko Jaiak hasi baino hilabete batzuk lehenago. Ondo moldatu zara bizitza berrira?
Urtarrilean hasi ohi gara San Roke jaien antolakuntzarekin. Gauzak hala, aurtengo jaietan lanean eman ditut azken hilabeteak, Udalak antolatzen dituen ekintzak prestatzen. Bi urte lehenago jubilatzeko aukera izan dut, eta ez dut aukera galtzen utzi. Lekukoa utzi behar zaie belaunaldi berriei!
Aurtengo jaiak bereziak izango dira zuretzat, txupina piztea egokituko zaizulako. Nola jaso zenuen proposamena?
Proposatu zidatenean uko egin nion. Ez zait protagonismoa gustatzen. Itzalpean egon naiz beti, Laudioko Jaietako argazki gutxitan ikusiko nauzu, jaien antolakuntzan 33 urte eman ditudan arren. Txupinazoan ikusten nau jendeak, txupina jartzeaz arduratzen naizelako.
Eskerrak eman nizkien nitaz gogoratzeagatik, ohore bat delako. Gainera, jai kuadrillak eta eragileak dira txupineroa aukeratzeaz arduratzen direnak. Gauzak hala, pozgarria da zure lana aitortzen dutela ikustea.
Beste pertsona bat bilatzeko eskatu nien, baina hurrengo egunean berriro luzatu zidaten proposamena, eta udal-gobernua ere batu zen ‘presioa’ egitera. Gauzak hala, baiezkoa eman nuen azkenean.
Aurten orduan, txupinaz jarri eta pizteaz arduratuko zara?
Ez, txupina beste norbaitek jarriko didala imajinatzen dut, nik piztu dezadan (barreak).
Jaien itzalpean egon zarela diozu.
Bai, beti pentsatu dut jaietako protagonismoa ez duela pertsona edo erakunde batek izan behar, herriak, elkarteek eta kuadrillek baizik. Herria izan behar da jaiak antolatzen dituena, eta Udala inor antolatzen ez dituen jarduerak antolatzera mugatu behar da, Atzoko gazteen bazkaria edota kontzertu zehatz batzuk kasu.
Taldeen beharrak asetzea izan da nire egiteko nagusia, azpiegitura aldetik batez ere. Udaltzaingoarekin edota obra eta zerbitzuen brigadarekin koordinatzea… Kontuan hartu behar dugu jaiak ez dituela Kultura, kirol eta jaien arloak antolatzen, Udal osoak baizik. Hainbat sailen arteko elkarlana eskatzen dute festek.
Nolakoa da jaien antolakuntza prozesua?
Ni teknikaria naiz. Politikariak arduratzen dira erabakiak hartzeaz. Udal-gobernuak ezartzen ditu irizpideak: zer kontzertu mota lotu, zer emanaldi egin… Horrez gain, diru-laguntzak ere kudeatzen ditugu, jaietan ekintzak antolatzen dituzten eragileak laguntzeko.
Horrela abiatzen gara. Behin hori eginda, egitarau zirriborro bat osatzeari ekiten diogu, eta uztailaren amaierara arte egoten gara azken orduko moldaketekin.
Jende gehienak ez du prozesu hauen berri, baina ekintzak antolatzen dituzten taldeek ondo ezagutzen dute bidea. Sanrokeetako programak ekintza andana dauka, eta tentu handiz aritu behar gara denak ondo koordinatu ahal izateko.
“Egia da gaur egungo gazteriari kostatzen zaiola martxa hartzea, baina egia da baita ere orain tramite gehiago eskatzen direla, lehen ez zeudenak”
33 urte igaro dituzu jaien antolakuntzan. Asko aldatu dira sanrokeak hiru hamarkada hauetan?
Diru publiko gehiago bideratzen da orain jaien antolakuntzara, diru-laguntza gehiago daude, parte hartze handiagoa… Laudio erreferentea da Aiaraldean, eta hemengo jaiek badute garrantzia.
Parte hartzea handitu dela esango zenuke?
Uste dut baietz. Egia da gaur egungo gazteriari kostatzen zaiola martxa hartzea, baina egia da baita ere orain tramite gehiago eskatzen direla, lehen ez zeudenak. Bilboko jaiek eragina izan dezaketela, baina esango nuke Laudioko jendeak, oro har, jaietan aktiboki parte hartzen duela, geroz eta gehiago.
Lehen bazegoen, adibidez, 'Atzoko gazteen eguneko bazkaria' antolatzen zuen kuadrilla bat, baina egia da bazkari horren antolaketa konplexua dela, urte batzuetan ia 600 partaide egon direlako.
Duela zenbait urteko gazteen inplikazioa eta gaur egungoena ez da berdina. Ez dut esan nahi oraingo inplikazioa hobea edo txarragoa denik, ezberdina da.1990. urteko egitaraua eta aurtengoa alderatuz gero, ezberdintasun oso nabarmenak ikusi daitezke, ekintza kopuru eta inbertitzen den diru kopuruari begira. Aurten La Oreja de Van Gogh eta La Pegatina etorriko dira, une honetan gailurrean dauden bi talde. Lehen ez zen posible horrelakorik izatea, berbena garrantzitsuak izan ditugun arren, duela urte asko.
Diru-laguntza gehiago ere ematen dira, kuadrillei edota txosnaguneari, besteak beste. Bi eragile horiek sekulako lana egiten dute jaietan ekintzak antolatzeko, eta Txosna Batzordeak, gainera, bere burua finantzatu egiten du. Oso ondo antolatuta daude, jende askoren inplikazioarekin. Oso kontuan hartzeko modukoa da hori.
Lehen oso ohikoak zen kuadrillek lokalak izatea, eta barne bizitza asko egitea toki horietan. Orain nik hori ez dut horrenbeste ikusten, baina egia da balitekeela orain Udalak traba gehiago jartzea horrelako jardueren aurrean.
Asko zorroztu da araudia hiru hamarkada hauetan?
Bai. Lehen 30 laguneko talde batek lokal bat alokatu genezakeen eta jai guztiak bertan igaro. Dutxatzera baino ez ginen joaten etxera. Kuadrillen parte hartze askoz handiagoa zegoen kaleetan. Orain ere badago, egun zehatzen batean… baina ezin dira garaiak alderatu. Lehen jendeak ez zuen orain dagoen eskaintza guztia, eta kaleko bizitza gehiago zegoen… Nik beti esaten dut garai hauek ez direla hobeak edo txarragoak, ezberdinak baizik.
Nolatan sartu zinen jaien antolakuntzan?
Kultura eta kirol arloko teknikaria nintzen. 1990. urtean egokitu zidaten jaien antolakuntza.
Eta ordutik hona zu aritu zara lan horretan.
Bai, baina egia da ez dagoela jende asko interesatuta lan hori hartzen (barreak). Bada lana, egon dira urte batzuk zeintzuetan 15-16 ordu egin ditudan jarraian. Baina aitortzen dut asko inplikatu naizela, jaiak teknikari eta herritar moduan bizi izan ditudalako.
Zaila da alor profesionala eta pertsonala bereiztea?
Bai, baina oso gustora aritu naiz, eta nire lana aitortua izan dela sumatzen dut, ez dut kexarik.
Auzoetako jaiak kudeatzeaz ere arduratu zara.
Bai. Alor horretan gorabeherak egon dira. Ez da belaunaldi aldaketarik egon jai batzordeetan, eta hori nabaritu egin da.
Gardeako jaiak, adibidez, sekulakoak ziren, eta jada ez dakit zenbat urte igaro diren bertako jai batzordea desagertu zenetik.
Dena den, garrantzitsua da batzorde bat egotea, baina funtsezkoena bizilagunen inplikazioa da, bestela ardura guztiak betiko laurek hartzen dituztelako.
Jaiak herriak antolatu behar dituela uste dut nik, eta horretarako beharrezkoa da jendearen inplikazioa, gazteena batez ere. Gazteek markatu behar duten zer egin. Bestela, jaiak nire adineko jendeak antolatzen baditu, 63 urteko pertsonei gustatzen zaizkion taldeak egongo dira.
"Udal guztiek ezin dute talde batzuek eskatzen duten katxea ordaindu"
Orain lehen baino zailagoa da talde ezagunak ekartzea?
Kontuan hartu behar duzu abuztuko bigarren hamabostaldia Euskal Herrian zein Espainiako Estatu osoan daudela jaiak, baina udal guztiek ezin dute talde batzuek eskatzen duten katxea ordaindu. Ez dakit Bilboko Udalak zenbateko aurrekontua darabilen, baina Laudioko Udalak 400.000 euro inguruko aurrekontua izan du. Bada dirua.
Musika talde ezagunek nahiago dute hiribuetara joatea. Ahal dela, herriak ekiditen dituzte. Udalerriaren populazioa da galdetzen dizuten lehen gauza, eta non eta zein egunetan joko duten. Asko aztertzen dituzte aukera guztiak.
Amurrion bizi zara, baina bertako jaiak bizi izan dituzu?
Ez, beti egon naizelako Laudioko jaien prestaketan murgilduta. Dena den, koordinazio handia izan dugu bi udaletako teknikarien artean, asko aholkatu diogu elkarri.
Aurtengo jaiak bereziak izango direla aipatu dugu. Zer plan duzu zuk sanrokeei begira?
Ez dut argi zer egingo dudan. Baldintza bat jarri nuen txupineroa izatea onartu nuenean: ez nintzela ekintza guztietan egongo, kontu pertsonal batzuk kudeatu behar ditudalako. Baina badut jaiez gozatzeko asmoa, 33 urteren ostean. Ez dakit nola erreakzionatuko dudan, deformazio profesionala izango dudalako seguraski. Ekintza guztiak begiratuko ditut antolakuntzaren ikuspegitik. Saiatuko naiz teknikaria izan baino lehen bezala parte hartzen, baina ez dakit nola.
Jende oro animatu nahiko nuke aurtengo sanrokeez disfrutatzera eta kalera ateratzea, jaien bi urte “lapurtu” dizkigutelako.