Zergatik hautatu zaituztete aurten pregoilari gisa?
Txanin: Berrogei urte baino gehiagoz atera ditugu Terencio eta Tomasa erraldoiak Laudioko Jaietan eta aurten utzi egingo dugu. Jendeak, antza, hori estimatu du.
Txetxu: Bai, finean, gure ibilbidea aitortu dute.
Noiz hasi zineten erraldoiak eramaten?
Txanin: Ni kuadrillarekin hasi nintzen, ‘Los diablos negros’-eko kidea nintzen eta. Erraldoi txikiekin egin nuen hasieran, eta handiak ateratzen zituenak utzi zuenean, nik ekin nion Tomasa eramateari. 74. edo 75. urtean izan zen. Kuadrilla desagertu zenean, guk biok jarraitu genuen.
Txetxu: Zehazki, gu biok geratu ginen 2006an. Ordura arte beste pertsona batekin ere banatzen nuen Terencio eramateko ardura.
Txanin: Asko lagundu gaituzte ere kuadrillako bikoteek, gehienbat, umeekin.
Txetxu: Bai, erraldoiak guk kargatu ditugu, baina kuadrillak lagundu digu haurrak kontrolatzen, erdian ez jartzeko eta istripuak ekiditeko. Zazpi bikote ginen.
Erraldoiak ateratzen uztea erabaki zenutenean espero zenuten jendeak modu batean edo bestean erantzutea?
Txanin: Ez, inondik inora. Guk beti egin dugu ondo pasatzearren, ez dugu inoiz pentsatu beste gauza batean.
Txetxu: Ez genuen espero ezta omenaldia ere, baina ongi etorria izan dadin. Are gehiago, nik hasieran esan nuen agian aurten ez nuela Laudioko Jaietan parte hartuko, agian erraldoiak ikusiko nituelako eta negar egiten hasiko nintzelako. Etxean geratzea ere pentsatu nuen, baina omenaldiak ilusioa eragin digu.
“Mundiala da Terencio eta Tomasa soinean eramatea”
Erraldoiak hainbat urtez kargatzeko, nondik atera duzue motibazioa?
Txanin: Uste dut ume arima dugula. Ni betidanik egon naiz irrikan ordua heltzeko eta erraldoiak ateratzeko, eta euria egiten bazuen egun horretan eta ezin bagenuen egin, disgustua hartzen nuen. Jendeak nola pasatzen zuen ikusteak betetzen ninduen.
Txetxu: Eta hori ordutegia txarra dela. Arratsaldeko bostetan, bero handiarekin, hor sartuta eta bazkaldu berri... Batzuetan bazkaldu gabe edo erdi bazkalduta ere. Izugarria zen. Dena den, egia da oso pozik egiten genuela. Zailagoa izan da uztea. Dena den, berak belauna txarto dauka, nik ebakuntzak izan ditut eskuetan, bizkarra...
Txanin: Ilusioagatik izango balitz, jarraituko genukeen. Dudarik gabe. Gehiago esango dut. Aurten erraldoiek askoz gutxiago pisatuko dute. Laudioko Udalak konponketak eta hobekuntzak egingo dizkie eta ia 70 eta 40 kilo izatetik 35 eta 20 kilo pisatzera igaroko dira. Agian pentsatu beharko dugu itzultzea (barreak).
Txetxu: Bai, bereziki nik, Terenciok ia 70 kiloko pisua izan du nik eraman dudanean, haize kolpe batek botatzeko arriskua zekarren zuen, urte luzez pisu gehiena goiko aldean egon baita.
Ordezkoak dituzue jadanik, zein da haientzat duzuen mezua?
Txanin: Gozatu dezaten. Egia da beroa pasako dutela, baina ziur irrikan egongo direla ateratzeko.
Txetxu: Hori da, ilusioz hartuz gero, ez dute inolako arazorik izango eta guri bezala gertatuko zaie, ez dira konturatuko denbora pasatzen dela eta uzteko beharra agertzen denean, pena izagarria sentituko dute. Mundiala da Terencio eta Tomasa eramatea.