LA OREJA DE VAN GOGH

“Gure eginkizuna da publikoa hunkitzea eta mugiaraztea”

Aitor Aspuru Saez 2022ko abu. 23a, 06:00

Ostiralean joko du La Oreja de Van Gogh taldeak Laudioko jaietan.

LA OREJA DE VAN GOGH taldearen kontzertua da aurtengo Laudioko Jaien elementu nagusietako bat eta HARITZ GARDE bateriajoleak azaldu du oso pozik sentitzen direla, gero eta argiago baitute pribilejiatuak direla gogoko dutena egiteari esker bizi baitira.

25 urte baino gehiago bete dituzue jotzen, eta azken urte eta erdian, gainera, bira luze batean. Hala ere, lehenengo aldia izango da Aiaraldean joko duzuela. Nolakoa da toki berrietan jotzea, nahiz eta ibilbide oparoa izan?

Oso gustagarria da. Zuk esan bezala, urte pilo egin ditugu eta mundu osoan egon gara. Askotan errepikatzen duzu, baina ilusio handia sortzen du toki berrira joateak, sumatzen baituzu noraino heldu den zure musika. Aldi berean, ezagutzen dituzu toki berriak, zeinetan jendeak ikusi nahi zaituen. Poztekoa da beti eta gogo handiz gaude.

Egia esanda, aurretik bisitatu ez ditugun tokietara joaten garenean, ez da horrela izan behar, baina sentsazioa dugu publikoak gehiago nahi duela gu ikustea.Motibazio berria da eta polita da jende berriarekin topo egitea. Hala ere, ziur nago Aiaraldeko batzuk gure kontzertuetan egon direla jadanik. Hori bai, etxean ikustea ezberdina da eta jendeak gogoko du.

Orain bira izugarri batean zaudete sartuta buru-belarri. Pandemiaren ondorioa da edo biziki gogoko duzue zuzenean jotzea?

Pandemiak eragina izan du, jakina. Iaz hasi ginen zuzenekoak eskaintzen, baina oso modu mugatuan. Jende gutxiagorekin, maskarekin, eserita... Ezberdina zen. Erdizka. Horregatik aurten erabaki genuen proposamen guztiei baiezkoa ematea, gogo handia dagoelako.

Jendeak asko atera behar du kanpora eta ondo pasatzeko beharra dago, igaro duguna ahazteko. Egia esanda, ez bakarrik atzean geratu dena, baita gerra edo prezioen igoera eroa ere. Beti dago ondo aisialdi apur bat, ihes egitea eta gozatzean bakarrik pentsatzea tarte batez. Finean, abestiak entzun eta hunkitu.

“Azken diskoko zenbait abesti joko ditugu, baina, nola ez, gure ibilbide osoari egingo diogu errepasoa, badakigu publikoak gogoko duela kanta horiek entzutea”

Pandemiaren etenaldiak sentsazio berriak eman dizkizue itzultzean?

Bai, jendea irrikan dago, baita gu ere. Nabaritzen dugu ateratzen garela oholtzara ilusioz eta alaitasunez beterik. Emozio horretaz betetzen gara eta elkar elikatzen gara. Guk guztia eman behar dugu eta jendea hasieratik topera ikusten dugunean, hori heltzen zaigu.

Kontzertu oso onak bizitzen ari gara, badirudi lehenengo biretan gaudela. Iazko kontzertuak murrizketekin ondo egon ziren, baina erdizka geratu ziren. Maskarekin ez genekien gauzak ondo joaten ziren edo ez. Aurten, ordea, izugarri ondo pasatzen ari gara.

Zein kontzertu mota eskainiko duzue Laudion?

Beti bezala, gu bostok oholtza gainean gure abestiak defendatzen gogo handiz. Gehienbat Un susurro en la tormenta diskoaren aurkezpena izango da. Disko horren zenbait abesti joko dugu, baina, nola ez, gure ibilbide osoari egingo diogu errepasoa, badakigu publikoak gogoko duela kanta horiek entzutea.

Abesti sorta orekatua izango da, gorantz joango dena amaierara arte. Funtsean, musikak jendea inbaditu dezan espero dugu, eta ondo pasatzea guztiok.

Zuek zer espero duzue publikoaren aldetik?

Guk ez dugu ezer espero. Izan ere, publikoak espero behar du gugatik. Guk mugiarazi eta hunkitu behar dugu. Badakigu publiko ona izango dela, Araba ezagutzen dugu eta. Erantzungo du eta konfiantza osoz joango gara. Eurek exijitu behar dute eta guk eman behar dugu %100.
Gainera, etxetik hurbil diren kontzertuak beti dira politak, gertutasuna eta babesa sentitzen ditugu eta.

Zuen ibilbidearen zein fasean zaudete orain?

Oso une onean gaude orain, kontziente baikara gure zorte onaz. Nahi duguna egitera bideratu dugu gure bizitza, txalotzen gaituzte horregatik, mundu osoan zehar bidaiatu dezakegu...

Bikaina da eta gero eta gehiago gozatzen dugu. Bidea gozatzen ari gara, ez diegu erreparatzen kopuruei, ez salmentei. Urrats bakoitzean gaude zentraturik.

Hala ere, badugu begi bat hurrengo diskoan. Urte amaieran etenaldia helduko da eta konposatzeko gogoak ditugu.

Guk nahiago dugu fase bakoitzari bere tartea ematea. Biran bagaude, horretara, eta konposizioan ere. Guk, adibidez, goiz guztietan lan egiten dugu abesti berrietan eta horretarako nahiago dugu Donostian egotea.  Bidaiatzeak kontzentrazioa murrizten du.

Bide hain arrakastatsuaren ostean, nondik dator motibazioa aurrera egiten jarraitzeko?

Konturatu gara guk egiten duguna pribilejioa dela. Zuzenean jotzea eta ikustea jendeari zure abestiak heltzen zaizkiola izugarria da. Abesti baten erdian ikusten duzu gizon bat hunkituta dagoela, beste bat negarrez, neska bat dantzatzen...

Horretaz konturatu gara. Izan ere, hasieran dena izan zen oso azkarra eta soilik jarraitzen genituen gertakariak, jabetu gabe. Orain nagusiak garela, barneratzen ari gara bizi izan duguna, bidaiak...

Ikustea jarraitzen dugula hemen eta lau lagunez inguratuta, gainera. Gurekin datorren taldeko jendea ere adiskideak dira. Hortaz, bikaina da.
Saiatzen gara hurrengo kontzertua aurrekoa baino hobea izaten, ondo pasatzen eta norbait une txar batean badago, bera animatzen eta babesten.

Ez dugu ahaztu behar pribilejioa dela hau. Noizbait oso goiz esnatu behar garenean, gogoratzen dugu jende askok ordutegi finkoa duela, eta goiz altxatzen dela. Hori eskertu behar dugu, bereziki publikoari, berak mantendu baikaitu.

Horregatik, norbait hurbiltzen denean, eskertu behar diogu, eurei esker gaude hemen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide