LAUDIOKO MUGIMENDU FEMINISTA

“Guztiok dugu espazio seguru eta erasorik gabekoak sortzeko erantzukizuna”

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko abu. 13a, 12:00

Mobilizazioa egingo du mugimendu feministak abuztuaren 26an. / Aiaraldea.eus

Bi ekimen nagusi bultzatuko ditu Laudioko Mugimendu Feministak herriko jaietan: 24 orduz eraso matxistak salatzeko telefonoa eta manifestazioa.

Laudioko Mugimendu Feministak herriko festetako ekimenak aurkeztu ditu. “Batetik, eraso matxisten aurkako protokoloa jarriko dugu martxan, eta bestetik, abuztuaren 26an mobilizazioa egingo dugu”. Modu horretan nahi dituzte jaiak ere espazio seguru eta libreak izatea guztientzat. 

Garaiak aldatu arren, indarkeria matxistak eta sexismoak presente darrai, euren ustez. “Beste urte batez, Mugimendu Feminista gisa, jai eremuan eragiteko ardura dugula pentsatzen dugu; antolatzeko beharra dago, oraindik ere eraso matxista asko gertatzen baitira”. Funtsean, aurre egiteko eta “erasotzaile guztiei hortzak erakusteko” bi ekimen horiek saretu dituzte abuztuaren 15etik 17ra, eta 24tik 28ra.

Duela urte batzuk moduan, 24 orduko telefonoa izango du abian Mugimendu Feministak, eraso matxistarik balego salatu eta erasoa jasan duen pertsonari babesa adierazteko. “Sare sozialetan zabalduko dugu zenbakia, baita kartelen bidez ere. Eta, horrez gain, jaietako esparru ezberdinetan egongo da ikusgarri telefono zenbakia”. Horretarako, tabernetan, herriko kaleetan zein txosnagunean kartelak edota komunikaziorako bitartekoak jarriko dituzte, aurreratu dutenez. 

Abuztuaren 26an, manifestazioa

Bestalde, Baserritar egunean urtero egin izan duten mobilizazioa mantenduko dute. “Helburua, gertatzen diren eta ikusten ari garen eraso matxisten olatuen aurrean, planto egitea da; eta antolatuta gaudela bistaratzea”. Zentzu horretan, mezu argia zabaldu dute: “Gertatzen dena gertatzen dela, aurre egiteko prest egongo gara. Ez dugu inolako erasorik onartuko”. Mobilizazio jendetsua aurreikusi dute ostiral horretan, “denok dugulako zer esana eta posizionatzeko ardura”. Beste urte batzuetan bezala, zapiekin bertaratzeko deia luzatu dute: “Jende guztia animatzen dugu zapi moreekin mobilizaziora gerturatzera, ekimena deigarriagoa eta koloretsuagoa izateko”.

Ildo beretik, manifestazio mistoa izango dela nabarmendu dute, “baina emakumeok* hartuko dugu lehen lerroa eta protagonismoa”. Hargatik, herritar eta inguruko bidelagun oro gonbidatu dute protestan parte hartzera. “Badakigu gaur egun ere beharrezkoa dela kalera ateratzea erasoak salatzera”, gehitu dute.

Jai giroko jarrera edo joera matxistez galdetuta, adibide ugari aipatu dituzte: espazioen okupazioa generoka, oholtzetako edota ekitaldietako protagonisten generoa, barraka edota tabernetako musiken mezu sexistak… “Oraindik ere, kaleak, jaiak… espazio guztiak gureak ere badirela aldarrikatzera atera behar gara. Argi izan: hor egongo gara eraso guztien aurrean antolakuntza feministarekin aurre egiteko”. 

Asteak daramatzate prestaketa lanetan, jakinarazi dutenez. Eraso matxisten protokoloaren lantaldeko kideak saretzen, komunikazio bitartekoak sortzen… Aurrera egiteko garaia dela garbi dute: “Denok dugu erantzukizuna gertatzen den eraso oro salatu eta espazio seguruak guztion artean sortzeko. Gizonezko konplizeekin, emakumeak saretzearen bidez, antolatuz… Hori bermatzeko ahal den guztia egingo dugu Mugimendu Feministatik ere”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide