Zubiko Malekoia osatzen duten tabernek, azken asteetan jaien testuinguruan jazotako erasoei aurre egiteko protokoloa aurkeztu dute sare sozialetan. Zehazki, 'Sumisio kimikoa' jarri dute jomugan, "eraso sexistarik gabeko jaien alde".
Zenbait gomendio eta jarraibide luzatu dituzte halako egoerei aurre egiteko. "Lagunduta bazaude, lagunei jakinarazi, eta jende gutxiago dagoen tokira joan, 112 edo 944034888 telefonora deitzeko", zehaztu dute. Aldiz, erasoa bakarrik egonda jasanez gero, "berehala lanean ari den pertsonari jakinarazteko" eskatu dute, "nahiz eta kalean egon". Erantsi dutenez, langileek toki segurua izango dute prest barraren bestaldean, "eta zure lagun edo senideekin kontaktuan jartzen" saiatuko dira. Bestalde, erasoa jasan duena bakarrik badago edo "gaizki sentituz gero", 112 edo 944034888 zenbakira deitzea gomendatu dute.
Zubiko Malekoiko beharginak protokoloari eta eraso salaketei erantzuteko trebatu dituzte, sare sozialetan adierazi dutenez
Nabarmendu dutenez, Zubiko Malekoiko tabernetako behargin guztiak prestatu dituzte egoerari erantzuteko, "langile guztiek formazioa jaso dugu". Erasotzaileei, berriz, ondorengo mezua helarazi diete: "Edonori gaua izorratu nahi badiozu edo txantxa bat egin, jakin kode penalean eraso delitu gisa jasota dagoela. Gainera, Zubiko Malekoia osatzen dugun 4 lokalek segurtasun kamerak ditugu barruan, eta poliziaren esku utziko ditugu edonolako susmorik izanez gero".
Xiringekin eta ziztadekin azken boladan gertatutakoen harira ere euren jarrera plazaratu dute: "Norbaiti gaua izorratu nahi badiozu, jakin ziztada kode penalean erasotzat hartzen dela berdin-berdin".
Sorgin, Keska, El Lio eta Capucci tabernek barne hartzen dute Zubiko Malekoia deituriko gunea. Duela zenbait urtetik, elkarlanean prestatu dituzte zenbait ekintza, udako kontzertuak kasu.