Genero desoreka handiak egongo dira Laudioko Jaietan, kultur ekitaldiei dagokionez. Ekitaldi horien ia erdian (%49) ez da emakumerik egongo oholtza gainean, emanaldia emango duten sortzaile guztiak gizonezkoak izango direlako. Saioen %27an, aldiz, gizon gehiago taularatuko dira emakumeak baino.
Emanaldi guztien %24an soilik izango dute emakumeek nagusitasuna: %14an gizonak baino gehiago izango direlako oholtza gainean, eta beste %10ean, aldiz, taldekide guztiak emakumeak izango direlako.
Grafiko honetan ikusi daitezke datuan xehetasun gehiagorekin:
Zenbaketa egiteko irizpideak
Aiaraldea Komunikabideak egin du azterketa. Zenbaketa errazteko, kultur ekitaldiak soilik hartu dira kontuan (kontzertuak, ikuskizunak, antzerki emanaldiak...). Hau da, albo batera utzi dira hizkuntza-irizpideen arabera sailkatzeko zailak diren zenbait jarduera (herri bazkariak, lehiaketak, ekitaldiak…).
Era berean, Laudioko Udalak argitaratutako jai programa erabili da zenbaketa egiteko. Tokiko erakundeak eta herriko beste hainbat elkarte eta eragilek antolatutako jarduerak agertzen dira bertan, egingo diren ia guztiak, alegia. Dena den, zenbait jarduera (tabernek azken orduan iragarritako emanaldi batzuk kasu) ez dira kontuan hartu. Modu horretan, 49 ekitaldi aztertu dira guztira.
Parekidetasuna neurtzerako orduan, aldiz, lau multzo osatu dira. Lehen multzoan soilik gizonez osatutako talde eta emanaldiak sartu dira. Bigarren multzoan, gizonezkoak nagusi diren kasuak barnebildu dira (%50a edo gehiago gizonezkoa). Hirugarren multzoan, aldiz, emakumeak nagusi diren emanaldiak daude (%50a edo gehiago emakumezkoak). Laugarrenean, aldiz, soilik emakumez osatutako taldeak sartu dira. Aipatzekoa da azken multzoan 5 talde edo emanaldi baino ez direla topatu, soilik gizonezkoek osatutako taldeak 24 (ia bost aldiz gehiago) diren bitartean. Era berean, nabarmentzekoa da baita soilik bi kasutan dela emanaldiaren osaketa erabat parekidea (%50 gizon, %50 emakume).