Protagonismo berezia izan zuten jai kuadrillen ekintzek atzo Laudion, sanrokeen hirugarren egunean. Goizeko hamaiketarako dozenaka gora lagun zeuden Aldai plazan, paella txapelketan parte hartzen. Orduek aurrera egin ahala geroz eta jende gehiago bertaratu zen, eta bazkalordurako ehundik gora herritar zeuden plazako estalkiaren azpian bazkaltzen.
Bingoarekin alaitu zuten bazkalostea. Ondoren, 'Cluedo poteoa' abiatu zuten herriko kaleetan barrena, eta geldialdia egin zuten Laudioko Mugimendu Feministak eginiko elkarretaratzean. Laudio Institutuko frontoira joan ziren ondoren, jai tematikoari hasiera emateko.
Txosnagunean amaitu zen herriko eragileek atzorako antolatutako ekintza sorta, bingo musikatuarekin.
Bigarren txanparen zain
Atzo amaitu zen Laudioko jaien lehen txanpa. Orain, bost eguneko atsedena hartu ahalko dute laudioarrek, datorren asteko asteazkenera arte. Orduan hasiko da sanrokeen bigarren zatia, eta igandera arte luzatuko da. Hemen ikusi daiteke egitaraua egunez egun.