"Laudioko kaleetan giro ikusgarria, sanoa eta, batez ere, parte hartzailea eta festaz betea arnastu da”, horrela baloratu ditu Laudioko Udalak 2022ko sanrokeak. Tokiko erakundeak igaro berri den edizioaren balorazioa osatu du eta herritarren parte hartze altua goraipatu du bereziki, jaien balantze "oso positiboa" egitearekin batera.
“Kuadrillek dena eman dute, gure kaleak animatuz eta pozez betez. Herritarrek jai giro horretan parte hartu duten sanrokeak izan dira, gustu eta jende guztiarentzat antolatutako ekitaldietara joanez. Gure jaiez gozatu duten bisitari asko ere izan ditugu. Balantzea oso positiboa da” azaldu du Maite Cortazar kultura zinegotziak, Roketxuren erreketaren biharamunean egindako balorazioan.
Ehundik gora ekintza antolatu dira orotara abuztuaren 15etik 29ra bitarte: Kaleko antzerki eta ikuskizunak, umeentzako parkeak, herri kirolak, lehiaketa gastronomikoak, kalejirak, bazkari herrikoiak... Udalak ekintza horietan guztietan herritarren inplikazio eta lana eskertu nahi izan ditu. Ekitaldi guztien artean musika eskaintza eta kontzertuak nabarmendu ditu Cortazarrek "jaietako plater nagusi gisa".
Balorazio sakonagoaren zain
Datozen asteetan jai eragile guztiekin batzartuko dela adierazi du Udalak, aurtengo sanrokeen balorazio sakonagoa egin, eta datorren edizioari begira lanean hasteko helburuarekin.
EH Bilduren balorazioa
Oposizioko alderdi nagusiak ere 2022ko jaien hasierako balorazioa plazaratu du. EH Bilduren aburuz, bi urteko etenaren ostean herriko jaiez gozatzeko beharra eta nahia nabariak ziren, eta horrek isla izan du ekintza orok izan duen parte hartze altuan.
Hori dela eta, herritarren inplikazioa eskertu nahi izan du Nagore Gomara EH Bilduko bozeramaileak: “Batetik, laudioarrak zoriondu nahi ditugu ekitaldi guztietan izan duten parte hartze altuagatik, eta bestetik, eskerrak eman nahi dizkiegu ekitaldiak eta ekintza desberdinak antolatu dituzten elkarte, eragile zein jai taldeei”.
Koalizio abertzalearen iritziz, azken urteetan landu eta jorratutako jai-eredu herrikoi eta partehartzailea errotu eta sendotu egin da aurtengo edizioan, eta bide horretan Txosna Batzordeak eta Jai Kuadrillek egindako lana goraipatu du EH Bilduk.
Halaber, Udalak zenbait eragileri jarritako traba eta oztopoak salatu ditu Gomarak: “Zoritxarrez, gobernu taldeari leporatu behar diogu gustatu ez zaizkigun gertakari batzuk ere ikusi ditugula, esate baterako, euskararen erabilerak izandako diskriminazio tratua, baserritarren merkatuak jasandako mespretxua edota Mugimendu Feministari jarritako oztopoak haien kideak poliziek identifikatuz”.
Tokiko Gobernuak jaien likidazio ekonomikoa aurkeztearekin batera balorazio garatuagoa aurkeztuko duela iragarri du EH Bilduk.
Eraso matxista bat salatu da
Udalak Udaltzaingoarekin batera planifikatutako segurtasun dispositiboari gora behera larririk egon ez dela azpimarratu du Cortazarrek: “Jaiak oso hunkigarriak eta sanoak izan dira. Abuztuaren 16an, asteartean, izandako eraso sexista da aipatu behar dugun bakarra”.
Zentzu horretan, berdintasun sailak egindako lana eta abian jarritako kontzientziazio kanpainak goraipatu ditu kultura zinegotziak.
Nagore Gomara EH Bilduko zinegotziak ere "tamalgarritzat" jo du abuztuaren 16an jazotako erasoa, eta harago jo du: "zoritxarrez, salatutako baino askoz haratago doaz emakumeek pairatu behar dituzten erasoen benetako zifrak".