Laudioko udako igerilekuak itxi dituzte, arazo teknikoen ondorioz

Aitor Aspuru Saez 2022ko ira. 7a, 22:40

Ura zikin egoteagatik itxi dituzte igerilekuak.

Irailaren 11n amaitu behar zen udako denboraldia, baina arazo tekniko batzuk direla medio, uraren egoera ez zen egokia hiru igerilekuetako batean. Udako abonua atera zutenek aukera dute egun hauetan kiroldegira joateko. 

Gaur itxi dituzte Laudioko udako igerilekuak arazo tekniko baten ondorioz. Igandean agortuko zen udako jarduera, baina udal iturriek azaldu dute urak ez dituela beharrezko baldintzak betetzen, jario batengatik.

Hori dela eta, azpiegiturak itxi dituzte eta arazoa konpontzeari ekin diote. Udalak berak erantsi du udako abonua ordaindu zutenek badutela parada kiroldegiko igerilekuetara joateko irailaren 11ra arte.

Langileen salaketak

Azpiegituretako zenbait langile Aiaraldea Komunikabidearekin harremanetan jarri dira ez daudelako erabakiarekin ados. Alde batetik, euren ustez, igerileku bakarra dago kaltetuta eta besteak irekirik mantentzeko aukera zegoen.

Horrez gain, beharginek aipatu dute uraren kloro eta PH neurketak ez zirela guztiz egokiak duela ia hilabete bat, baina ez dela ezer egin orain arte, neurketak guztiz deskontrolatu direnean. Zehazki, nabarmendu dute kloroa punpatzeko sistemak ez duela ondo funtzionatzen.

Azkenik, langileek adierazi dute irailaren 11ra arteko kontratuak zituztela eta gaur eten dizkietela, hau da, lau egun horiek ez dizkiete ordainduko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide