Superberriakeko denda guztiak itxi nahi ditu supermerkatu kate horretako zuzendaritzak, 70 langile inguru kalean utzita. Hala azaldu du LABek komunikabideei helarazitako ohar batean.
“Joan den abuztuaren 30ean, Superberriakeko zuzendaritzak premiazko bilera bat egiteko deia egin zigun”, azaldu du sindikatuak, “bilera horretan, langile guztientzako enplegu-erregulazioko espedientea eta denda guztien itxiera jakinarazi zizkiguten”.
Superberriak S.L. enpresak saltoki bana du Laudion, Amurrion, Ugaon eta Bilboko Alde Zaharrean; eta laurak itxi nahi ditu. Horrez gain, beste bi enpresetan ere ezarriko dute enplegu espedientea: Roxima 2020 SL.-n (Barakaldoko BM Shop denda kudeatzen duen entitatea) eta Grupo Basele S.L.-n. Hiru enpresak itxita, 90 langile inguru kaleratuko lituzkete.
Iturri sindikalek adierazi dutenez, jabe berdinak daude hiru izendapen horien atzean, “Berriak supermerkatuak orain arte kudeatu dituzten berdinak”.
Asteazkenean aurkeztuko dute ofizialki
Azken orduko albistea da hau: langileen ordezkariek duela astebete jaso zuten lehen jakinarazpena. Larunbatean langileen asanblada jendetsua egin zuten Laudioko Lamuza parkeko Kasinoan, informazioa partekatu eta zer egin eztabaidatzeko.
Asteazken honetan (irailak 7) aurkeztuko dute espedientea ofizialki, kontsulta-aldiari hasiera emanez. “Bertan, Superberriakeko zuzendaritzak enpresaren egoerari eta enplegu-erregulazioko espedienteari buruzko hainbat agiri eman beharko dizkiete langileen ordezkariei”.
LAB sindikatua, “borrokarako prest”
LABek du gehiengo sindikala Aiaraldeko dendetan, 4 ordezkarirekin (bosgarrena CCOOkoa da). Sindikatua prest agertu da lanpostuen defentsaren aldeko borroka pizteko: “Goiz da xehetasun gehiago emateko, baina argi dago ez dugula etsiko erabaki horren aurrean, eta baliabide, mekanismo eta ekimen sindikal guztiak martxan jarriko ditugu, lanpostuak defendatzeko eta enplegu-erregulazioko espedientea geldiarazteko”.
Horri lotuta, sindikatuko kideek gaineratu dute ez dutela ulertzen zuzendaritzak hartutako erabaki “oldakor eta presazkoa”. “Izan ere, joan den uztailaren bukaeran, bi aldeek bilera eta negoziazioak adostu genituen irailaren erdialderako edo amaierarako; eta bestetik, urtebete eta hilabete gutxi pasa dira, Superberriakeko zuzendaritzak BM taldeari bere denda guztiak frankizia gisa aldatu zituenetik”.
Aurrekariak
Superberriak supermerkatuak iaz igaro ziren BM frankiziaren parte izatera, baina saltokien jabeak ez dira aldatu, langileen ordezkariek gogorarazi dutenez.
Aiaraldeko saltokietako langileek borroka ziklo oparoa egin dute azken urteetan, eta lan baldintzak hobetzea lortu dute horrela:
Uztailean egin zuten azken mobilizazioa, "orain arte lortutakoa ez galtzea" helburu. Enpresa Batzordeko kideek salaketa jarri zuten orduan lan ikuskaritzan, zuzendaritzak ez zielako enpresari buruzko "oinarrizko informazioa" eman.
"Irailean ikusiko dugu egoera bideratu den edo ez, eta horren arabera hartuko ditugu erabakiak”, azaldu zioten langileen ordezkariek uztailean Aiaraldea Komunikabideari. Iritsi da iraila, eta esan daiteke enpresaren erabakiek langileen aurreikuspen guztiak gainditu dituztela, baina txarrerako.