Pasa den astean uste baino lehenago amaitu zen Laudioko udako igerilekuen denboraldia, arazo teknikoak agertu baitziren instalazioetan. Horren harira, EH Bilduk oharra zabaldu du bere iritzia azaltzeko: "Gure ustez, arazo horiek abandonu- eta utzikeria-egoera baten ondorio izan daitezke, instalazioak urte osoan zehar mantendu ez direlako."
Horri, koalizioak gehitu dio erabiltzaileen osasuna arriskuan jarri zela itxiera heldu baino aste batzuk lehenago: "ponpen funtzionamendu txarraren ondorioz, uraren kalitatea ez da egokia izan (kloro eta PH maila desegokiak) eta algak agertu dira".
Alegia, oposizioko taldeak kezkagarritzat jo du gobernu taldeak instalazioak itxi aurreko asteetan jakin izana igerilekuetako uraren kalitatea ez zela egokia, eta hala eta guztiz ere, irekita edukitzea, "herritarren segurtasuna arriskuan jarriz".
Hori dela medio, EH Bilduk exijitu die EAJ eta PSE-EEri azalpen publikoak eskaintzea gertatutakoari buruz.
Udalak akusazioak ukatu ditu
Bere aldetik, udal gobernu taldeak gaur bertan erantzun dio oposizioko taldeari, Aiaraldea Komunikabidearen bitartez. Hasteko, EAJk eta PSE-EEk ziurtatu dute agertutako apurketak eta gabeziak ez direla puntualak izan: "Igerilekuen mantentze-lanak etengabeak eta jarraituak dira urteko 365 egunetan, eta Udalak behar diren ziurtagiri guztiak zituen igerilekuak irekitzeko. Ezohiko balioak antzeman zirenean, instalazioa ixteko agindu zen, Laudioko bizilagunen osasuna babesteko".
Bestalde, udal gobernu taldeak aldarrikatu du etengabe egon dela harremanetan zerbitzua esleitua duen enpresarekin -uda hasi baino lehen ere- eta gabeziaren bat agertu den bakoitzean aurre egin diola mantenuko udal langileekin. Hortaz, "faltsutzat" jo du utzikeria egon izana.