Ostiralean abiatutako greba mugagabearen laugarren eguna dute gaurkoa Superberriakeko saltokietan. Zuzendaritzak saltoki guztiak itxi eta 70 lagun baino gehiago kaleratu nahi ditu.
Bi aldeak Laudioko bulegoetan batzartu dira gaur, baina ez dute akordiorik erdietsi. Izan ere, Superberriakeko kudeatzaileek uko egin diote Enplegua Erregulatzeko Espedientea kentzeari.
Dozenaka herritar bildu dira bilerak iraun bitartean bulegoen atarian langileek deitutako elkarretaratzean. Superberriakeko zuzendaritzako kideak herritarren eta langileen oihuen artean atera dira bertatik.
Horrenbestez, greban jarraituko dute Superberriakeko langileek, zuzendaritzak Enplegua Erregulatzeko Espedientea erretiratu arte. Bihar elkarretaratzea egingo dute Amurrioko saltokiaren aurrean.