Espazio publikoaren erabilerarako araudi berria onartu du Laudioko Udalak

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko ira. 27a, 19:34
Udal Osoko Bilkuran onartu zuten testua atzo; talde politiko guztiek egin zuten alde, EH Bildu izan ezik. / Aiaraldea.eus

Atzo onartu zuten Laudioko espazio publikoaren erabilera arautzen duen araudi berria. Ordenantza desberdinak bateratu dira testu berrian, herritarrek “modu intuitibo eta errazean jakin dezaten espazio publikoa nola erabili". EH Bilduren iritziz ordenantzak "eremu publikoaren hiper-erregularizazioa" suposatzen du

Atzoko Udal Osoko Bilkura baliatu zuen Udal Gobernuak Laudioko espazio publikoaren erabilera arautzen duen ordenantza berria onartzeko. Testua ordezkaritza duten alderdi politiko guztien, udaleko sailen, herritarren eta herriko saltokien eta ostalarien arteko bi urteko prozesuaren emaitza da.

Araudi berriak orain arte indarrean zeuden, eta esparru berdinean eragiten zuten, ordenantza desberdinak bateratu egin ditu, "bikoiztasunekin amaitu eta gidalerro horiei guztiei koherentzia emateko asmoz". Horrez gain, araudia “modu intuitibo eta errazean" laudioarren esku egoteko ahalegina adierazi du Ander Añibarro alkateak; "herritar guztiek jakin dezaten bizikidetza bermatzeko espazio publikoa nola eta zein helbururekin erabili behar den”.

Udal talde guztiek bozkatu zuten ordenantza berriaren alde EH Bildu salbu; azken hau abstenitu egin zen. Ordenantzak "eremu publikoaren hiper-erregularizazioa" suposatzen du koalizio abertzalearen iritziz. "Irtenbide zigortzailea eskaintzen du eta adierazpen askatasunaren eta bestelako oinarrizko eskubideen aurka egin dezake" adierazi du Aitor Burgoa EH Bilduko zinegotziak, "bere aplikazio zorrotzak pertsona zaurgarrienak kaltetu ditzake".

Aldaketak ostalaritza araudian

Ostalaritza lokalen terrazen gaineko araudia izan da ordenantza berrian sakonen landutako gaietako bat. “Ordenantzaren filosofia, hain garrantzitsua den udalerriko ostalaritza- jarduera bultzatzearen eta terrazak okupatzearen eta oinezkoen eta auzokideen arteko bizikidetzaren artean oreka bilatzea da”, adierazi du Ander Larrinaga Hiri Garapeneko zinegotziak.

Aurrerantzean, ostalaritza lokal guztiek erregimen berdina izango dute, "lizentziaren izaerak baldintzatu gabe"

Gauzak horrela, aurrerantzean lurrera iltzatutako elementuek 90 metro koadroko zabalera izan ahalko dute gehienez, eta beste aukerarik aurkezten ez duten egoera berezietan jarri ahalko dira mahaiak eta aulkiak aparkaleku publikoen gainean.

Terrazak jartzeko denboraldiak hirura mugatu dira araudian, "sinplifikazio ariketa batean": urte osoan zehar, denboraldi luzea (apirila-urria) eta udako denboraldia (ekaina-iraila).

Ordutegiei dagokionean ere aldaketak proposatzen ditu testuak. Aurrerantzean, ostalaritza lokal guztiek erregimen berdina izango dute, "lizentziaren izaerak baldintzatu gabe". Horren ordez, ordutegi desberdinak ezarriko dira udan zein neguan; baita astebarruan eta asteburuetan ere.

Kultur jarduerak eta obrak

Udalerriko eragileek espazio publikoarene erabilera eskatzeko prozedurak bateratu egin ditu Udalak ordenantza berrian. Tokiko gobernuaren hitzetan "eskaerak egiteko bideak sinplifikatzen dira modu honetan". Araudiak jasotzen duen beste berritasunetako bat kultura jardueretan animaliak erabiltzeko debeku orrokorra da.

Bide beretik obrak egiten dituzten herritarrentzako erraztasun burokratikoak ematen ditu ordenantzak; besteak beste, andamioak, plataformak edota edukiontziak jartzerako orduan.

EH Bilduk balorazio desberdina egin du kultur jarduerek testuan jasotako araudiaren inguruan. "Lehen baimendutako jarduera askok debekua jaso dezakete hemendik aurrera, kontrol zorrotz batera eramango dira adierazpen artistiko eta kultural asko, baimenen burokratizazioa eta epeek suposatzen duten trabak, edozein ekitaldi soziala edo kulturala egiteko ,adierazpen askatasunaren eta sormenarako kaltegarria ikusten dugu" azpimarratu du Aitor Burgoa oposizioko zinegotziak, "herri bizia , partehartzailea eta adierazpenerako gaitasun osoa duena nahi dugu. Ordenantza honek ez du hau errezten".

Prozesu luzea

Bi urteko prozesuaren emaitza izan da atzo onartutako testua. besteak beste, talde politikoekin edota ostalari eta merkatariekin landu du gaia Udal Gobernuak. Otsailean aurkeztu zuen testuaren zirriborroa eta honi ekarpenak egiteko aukera eman zitzaien herritarrei.

Herritar talde batek, dinamika jarri zuen abian, zirriborroan jasotako hainbat atal aldatzeko helburuarekin. Besteak beste, hasierako testu horrek, kalean lo egiteko debekua jasotzen zuen bere 20. artikuluan, "desegokitzat" jotzen zituen espazio publikoaren beste erabilera batzuekin batera.  Horien artean aurkitzen ziren, hala nola, herriko iturrietan bainatzeko debekua.

EH Bilduk ere 20. artikulua osorik ezabatzeko eskatu zuen ekarpenak jasotzeko epean. Izan ere Aitor Burgoa zinegotziak azaldu duenez, "moldatu besterik ez dute egin".

“Zigor horien bidez, sen ona aktibatu eta bandalismoa saihestu nahi dugu"

3.000 euro arteko isunak

Ordenantza berria betetzen ez duten herritarrei isuna ezarriko die Udalak. Hiru isun mota bereizi dituzte, arau-haustearen larritasunaren araberakoak. Hutsegite arinek 750 euroko isuna suposatuko dute,. larriak 750 eta 1.500 euro artekoak izango dira. Azkenik, oso larriak diren arau-husteek 1.500 eta 3.000 euro arteko isuna suposatuko dute. “Zigor horien bidez, sen ona aktibatu eta bandalismoa saihestu nahi dugu, baita osasungarritasuna edo bizikidetza bermatu ere”, adierazi du Ander Añibarro alkateak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide