Emakume Sortzaileen zikloa gaur hasiko da Faktorian, 'Kilimaterioa' lanarekin

Aitor Aspuru Saez 2022ko ira. 30a, 15:19

'Matriuska' antzezlanako protagonistak. / Kamikaz Kolektiboa

Aiaraldea Ekintzen Faktoriak emakumeek egindako sei lan taularatuko ditu irailetik abendura bitartean. Musika, umorea, bertsoak, antzerkia... diziplina anitzak landuko dituzte egileek.

Emakume Sortzaileen Zikloa inauguratuko du gaur Kilimaterioa ikuskizunak 20:00etan Faktorian. Umorea eta bertsolaritza uztartuko duen lanak menopausia izango du hizpide, ikusleen barreak eragiteko. Aurrestrenaldi mundiala izango da.

Edonola ere, gaurko jarduera emakume sortzaileak taularatzeko zikloaren hasiera baino ez da izango. Guztira, Faktoriak sei saio antolatu ditu eta bonoa eskuratzeko aukera emango du. Berez, ekintza bakoitzak 8 euro balioko du bazkideak ez direnentzat eta 5 euro ikasle eta langabeentzat. Bonoa erosiz gero, ikasleek eta langabeek 25 euro ordainduko dituzte eta bazkideak ez direnek 40 euro.

Egitarauari dagokionez, urriaren 22rako aurreikusi dute Habiak taldearen kontzertua. Elena Haira, Amaia Hiriart eta Maia Iribarne Oihagarai musikariek eta abeslariek biola, txeloa eta biolina baliatuko dituzte, tradizioa eta soinu berriak nahastuta.

Azaroaren 6an helduko da hurrengo hitzordua, Piztu! EmakumeOn energia obrarekin. Umeentzako antzezlan honetan Leire Sanjurjok eta Tania Forniellesek azaleratuko dute emakumezkoen benetako pisua zientziaren historian, Marie Curie hizpide hartuta.

Azaroaren 11n dantza garaikideko ikuskizuna ekarriko dute Myriam Perez Cazabonek eta Jone Amezagak. Indarkeria eta erresilientziari buruzko hausnarketa eragin nahi dute egileek pieza honekin. Behin amaituta, solasaldirako tartea egongo da.

Azaroaren 27an Matriuska antzezlana ikusteko aukera egongo da. Iraia Elias eta Amancay Gaztañaga sortzaileek bi zientzialariren ikerketa batean azalaratzen dena erakutsiko dute, alegia, historian emakumeek pairatutako zapalkuntza.

Azkenik, abenduaren 16an, Begiak zerumugan olerki eta musika emanaldiak hartuko du Faktoria. Miren Agur Meabe olerkari arrakastatsua da protagonista ikuskizun honetan, Dana Moya musikariarekin batera. Meabek hainbat sari jaso ditu esparru ezberdinetan -haur literaturan, esaterako- eta 2021ean Espainiako Kultura Ministerioak ematen duen Poesia Sari Nazionala irabazi zuen. Idazleak mugarria jarri zuen, euskarazko lan batekin irabazi duen lehen idazlea izan baita, Nola gorde errautsa kolkoan lanarekin. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide