Hainbat laudioarrek Aldeaquemadara jo zuten asteburuan, herrien senidetzean parte hartzeko

Aitor Aspuru Saez 2022ko urr. 5a, 13:55

Irailaren 30ean autobusa abiatu zen Laudiotik Aldeaquemadako jaietara joateko eta bi herrien arteko senidetzea burutzeko.

Abuztuaren 27an, sanrokeetan, senidetu ziren Laudio eta Aldeaquemada udalerriek. Izan ere, herri andaluziar horretan hainbat laudioarrek dute jatorria.

Gauzak horrela, Laudioko Udalak eta tokiko Andaluziar Etxeak Aldeaquemadako ordezkariei bisita itzuli zieten asteburuan. Ostiralean, 10:00etan, Aiaraldetik atera eta Andaluziako bidea hartu zuten.

Hara heltzean, hainbat jende zuten zain, San Miguel Jaiak baitira herrian. "Herri osoa zegoen gure zain eta izugarri kezkatu dira, gu gustura egoteko", adierazi du Loli Solís Andaluziar Etxeko presidenteak. Ostiral horretan bigantxak ikusi eta berbenan parte hartu zuten, "guztiok dantzatu genuen", gogoratu du Solísek.

Larunbatean izan zen senidetzearen ekitaldi ofiziala udaletxean eta Laudioko ordezkari politikoek ez ezik, Andaluziar Etxeko presidenteak ere parte hartu zuen. Gero luntxa egin zuten eta arratsaldean herriko inguruak ezagutzen ibili ziren. "Inguruko mendiak eta amildegiak izugarri politak dira. Gainera, orro garaia da eta oreinak entzuten ziren" aipatu du Solisek.

Gauean jaiarekin jarraitu zuten eta igandean Kultura Jaialdia izan zuten. Laudioko Jaleo dantza taldeak, Aldeaquemadako jota taldeak eta flamenko talde batek alaitu zuten giroa eta bukatu bezain pronto autobusa hartu zuten laudioarrek, "ia bazkaldu gabe", Aiaraldea Komunikabideari adierazi diotenez.

Loli Solisek oso positiboki baloratu du egonaldia: "Erakundeen eta politikarien gaietan sartu gabe, hori beste kontu bat delako, nik primeran baloratzen dut herri guztia egon zela gure zain. Jende apalak bere herria eta ohiturak erakutsi zizkigun eta senidetzea amaiatu bada ere, pertsonalki uste dut itzuliko garela, oso leku polita baita eta oso gustura egon gara. Helburua bete dugu, herritarrekin egotea".

Argazkiak: Andaluzia Etxea

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide