Kultur sorkuntza Aiaraldean

'Daniel|a|' websaioak sei izendapen jaso ditu Seriesland nazioarteko webserie jaialdian

Aitor Aspuru Saez 2022ko urr. 13a, 14:00

Websailaren grabaketaren une bat. / Piszifaktoria

Mikel Ayllonek idatzitako gidoian oinarritutako ikus-entzuneko proiektua euskal ordezkari bakarra izango da sail ofizialean websail onenaren saria lortzeko, baita dramarik onenaren, zuzendaririk onenaren, taldeko emakumezko aktorerik onenaren eta taldeko gizonezko aktorerik onenaren hautagaitzetan ere. Gainera, euskal ekoizpen onenaren aitorpena eskuratzeko aukera ere izango du.

Urriaren 14tik 22ra bitartean ospatuko da Seriesland Jaialdia eta Daniel|a| websailak lehiaketaren sei kategoriatan parte hartuko du. Bilbon izango den festibala hitzordu oso garrantzitsua da websailen esparruan, Mikel Ayllonek Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez: "Nazioarteko websailen jaialdien zirkuituan dago sartuta Seriesland eta atzerriko jende pilo bertaratuko da. Aukera polita da, atea ireki daiteke kanpora begira eta. Berez, euskal produktu onena izateagatik badaude bi sari; Brasilgo nazioarteko jaialdi batera joatea edota Berlinera".

Guztira, sail ofizialean nazioarteko punta-puntako beste hogeita bederatzi websailen ondoan egongo da Daniel|a| eta EAEn egindako ekoizpenen kategorian gazteleraz egindako beste bi saioekin arituko da lehian.

Zehazki, nazioarteko websail onenaren eta dramarik onenaren saria jasotzeko aukerak izateaz gain, Nora Alberdik, Irati Agirreazkuenagak era Gabriel Ocinak ere aitorpenak jaso ditzakete, zuzendari onenaren, taldeko antzezle onenaren eta taldeko gizonezko aktorerik onenaren kategorietan, hurrenez hurren.

Proiekzioa eta sari banaketa

Urriaren 17an 19:30ean Daniel|a|-ren proiekzioa egingo dute Bilborocken eta urriaren 21ean izango da sari banaketa Guggenheim Museoan. "Talde ia guztia joango gara sari banaketara", aurreratu du Mikel Ayllonek.

Produktuaren emaitzari buruz galdetuta, Ayllonek positiboki baloratu du egindakoa: "Izandako baliabideekin produktu berritzailea eta kalitatezkoa egin dugu. Tamalez, EITB-k ez die garrantzirik ematen ikus-entzunezko ekoizpenei, eta euskaraz egindakoei, are gutxiago. Hortaz, uste dugu zabalpena ez dela nahikoa sustatu. Izan ere, proiektu honek erakusten du kalitatezko transmedia lanak egin daitezkeela hemen bertan, kanpotik, gehienbat Ameriketako Estatu Batuetatik, heltzen denari begira egon gabe".

Gogoratu beharra dago transmedia proiektuak podcasta eta websaila hartzen dituela barne eta azken atala Aiaraldea Ekintzen Faktorian bertan grabatu zela. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide