Laudioko tren geltokia berritzeko lanak duela urtebete baino gehiago hasi ziren eta azken asteetan, igogailu berriak eraikita egon arren, ez zeuden funtzionamenduan, pasa den astera arte. Ordura arte, geltokiko langileek azaltzen zuten "komunikazio sistema" instalatzea falta zela eta, horren ondorioz, ez zutela zerbitzurik ematen.
Erabiltzaile batzuek, emakumezkoak gehienak, kexa kolektiboa egin zuten urriaren 9an tren geltokian eta Laudioko Udaltzaingoari deitu zioten, Kontsumobideko inprimakiak exijitzeko.
Gauzak horrela, erabiltzaileen kexak ohikoak izan dira, baita erreklamazioak ere. Dena den, urriaren 9an garraio publikoa hartu zuten hainbat lagun (emakumezkoak gehienak, umeen orgatxoekin arazoak izan zituztenak, besteak beste) erreklamazioa jartzeko batu ziren. Agiria betetzean, konturatu ziren Renfe enpresako inprimakia zela betetzen zena. Hau da, garraio konpainiak berak kudeatzen zituela kexak. Ondorioz, Laudioko Udaltzaingoari deitu zioten eta Kontsumobideko inprimakiak exijitu zituzten.
Talde ekintza horren ondorioz, Renfek egun gutxiren buruan jarri zuen martxan igogailua.