Kultur sorkuntza Aiaraldean

'Noiz utziko dio euria egiteari' filma Hego Koreako Now Here jaialdian lehiatuko da

Aitor Aspuru Saez 2022ko urr. 18a, 15:00

Hego Koreako Now Here Film festibalean egongo da pelikula.

Lekeitioko 45. Euskal Zine Bilerako sail ofizialean ere hautatu dute Piszifaktoria Ideien Laborategiak sortutako filma.

Noiz utziko euria egiteari filma bi zinema jaialditan hautatu dute sail ofizialetan lehiatzeko: Hego Korean eta Lekeition.

Piszifaktoria Ideien Laborategiko kidea den Mikel Ayllon laudioarrak partaidetza bikoitza dauka proiektu horretan gidoia idazteaz gain, antzezle lanak ere bete baititu. Igor Arzuaga aretarrak ere aktore gisa parte hartu du ikus-entzunezko ekoizpenean.

Egileen hitzetan, pelikula "fikzioaren eta dokumentalaren mugan bizi den sormen-lan bat da, performance zinematografikoa, izen bera duen ikuskizunean oinarrituta (...) Filmak etorkizun postpandemiko bat erakusten digu, eta bizi dugun orainaldi noragabe honen inguruko hausnarketa egiteko balio du".

Lekeition eta gero Hego Korean

Gauzak horrela, Lekeitioko 45. Euskal Zine Bilerako sail ofizialean lehiatuko da Noiz egingo dio euria egiteari. Zehazki, urriaren 21ean, ostiralean, 19:00etan Ikusgarri zine aretoan egingo dute proiekzioa eta Mikel Ayllonek berak hartuko du hitza pelikularen nondik norakoak azaltzeko. Jaialdi lekeitiarraren sari banaketa hurrengo egunean izango da, larunbatean, 19:00etan ere.

Bestalde, Asian ere egun horietan ikusiko dute ikus-entzunezkoa. Izan ere, Now Here Film Festival jaialdiaren sail ofizialean ere egongo da.

Hego Koreako ekimenak arte performatibo esperimentalen filmak eta bideoak ditu ardatz eta urriaren 21etik 25era bitartean egingo dute. Piszifaktoriak nabarmendu du ikusle korearrek euskaraz sortutako filma ikusteko aukera izango dutela, euren hizkuntzan eta ingelesez azpititulatuko baitute.

Piszifaktoria Ideien Laborategiak albiste on gehiago jaso ditu azken asteotan. Hain zuzen, pasa den astean jakinarazi zuten Seriesland jaialdian ere egongo direla hainbat kategoriatan lehian, Daniel|a| proiektuari esker.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide