Urte erdiko atzerapenarekin eta 1.954.990,90 euroko inbertsioa egin ostean, Renfek adierazi du Laudioko geltokia irisgarri egiteko obrak amaitu dituela. Horretarako mugarria igogailu guztiak funtzionamenduan jartzea izan da. Geltoki osoan ibilbide irisgarria egotea izan da esku hartzearen xedea, bereziki, mugikortasun urriko herritarrentzat.
Horretarako, kanpoko sarbideak alboko bi eskailera berri eta igogailu berria ditu. Eraikinari eta geltokiko barne azpiegiturari dagokionez, hobekuntza nabarmenak -asko izan baitira- honako hauek dira, Renferen hitzetan: "Bidaiarien eraikina erabat berritu da, barruko espazioak berrantolatuz, barne-egitura sendotuz eta estalkia birgaitu eta berrituz, energia-eraginkortasuna hobetzeko. Eraikinak bidaiarientzako salmentarako eta informaziorako gune berri bat du, eskuragarriagoa eta funtzionalagoa. Nasak 120 metroko luzeran handitu dira, 68 zentimetroko errail-kota aktibo bateraino, ibilbide irisgarriekin. Bi igogailuak aldatu dira eta bi nasetan markesina berriak eraiki dira. Gainera, azpiko pasabidearen akabera guztiak berritu dira eta baita sarbide-eskailerak birmoldatu eta eskudel bikoitza jarri ere".
11,5 milioi bidairi urtero
Garraio enpresa publikoak azpimarratu du geltokiak ematen duen zerbitzu nagusiena Bilboko Aldirietako C-3 linea dela: "urtean 11,5 milioi bidaiarik erabiltzen dute (...) 44 zirkulazio ditu egunero, lanegunetan eguneko batez bestekoa 3.900 bidaiariena izanik".