'Etzigarriak' proiektuko kideak bertaratu ziren ostiralean Aiaraldea Ekintzen Faktoriara. Arratsalde osoa igaro zuten bertan. Itxaso Paia Ruiz Zelako Kooperatibako kidea ari da, besteak beste, egitasmoa gidatzen. "Euskararen etorkizuna irudikatzeko asmoz sortu da Etzigarriak proiektua. Horretarako Euskal Herri osoko hainbat gazterekin pare bat topaketa parte-hartzaile eta berezi antolatu dira", azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari.
Gogoeta saioez gain, Iholdi eta Ibabe Beristain ahizpen bakarrizketa musikatua zein Miriam Lujua eta Ane Zugazaren kontzertua izan zuten gazteek
Lehenbiziko saioa izan zen ostiralekoa: "Aiaraldea Ekintzen Faktorian. Gazteen artean elkar ezagutzeko aukera izan zuten kafea eta pastak hartu bitartean. Ondoren, Iholdi eta Ibabe Beristainek bakarrizketa musikatua eskaini ziguten, haien euskararekiko loturen berri emanez honen bitartez. Gero gogoetarako hainbat material landu genituen, gogoeta egin eta etorkizunera begira jarri ginen. Azkenik, mokadutxo eta freskagarri artean Miriam Lujua eta Ane Zugazaren kontzertuez gozatu genuen".
Aurrera begira, saio gehiago egingo dituzte. Hurrengoa azaroaren 11n izango da Bilbo aldean. "Topaketa bien artean online bidezko hainbat saio egingo ditugu gogoeta egiten jarraitzeko", zehaztu du Paia Ruizek. Lehen topaketan eta online saioetan landutakoaren ondorioen berri emango dute hurrengo hitzorduan, "eta gazteek eurek sorkuntza lan bat egingo dute ondorio hauen berri emateko".
Argazkiak: Izar Mendiguren Cosgaya eta Zelako Kooperatiba