Larunbat gauak kalteak utzi zituen Aretako hiru negoziotan. Hain zuzen, norbaitek ileapaindegi baten kristala apurtu eta barruan sartu zen, dirua eramateko. Halaber, beste bi establezimendutan lapurreta saiakerak egon ziren.
Ileapaindegitik gertu dagoen taberna baten atzeko sarreran indarra erabilita saiatu ziren sartzen eta alboan dagoen okindegian ere bortizkeria baliatu zuten. Zehazki, ateko kristala hautsi eta sarraila kaltetu zuten.
Edonola ere, Ertzaintzak soilik jaso du ileapaindegiko salaketa, eta lapurreta zein kalteak ikertzen ari da polizia.
Urriaren amaieran antzeko gertakaria jazo zen Laudion, beste ileapaindegi baten kristala txikitu eta gero lapurtu zuten eta.