Eneko Banderas XZ Cup motor txapelketako irabazlea izan zen igandean

Aitor Aspuru Saez 2022ko aza. 9a, 07:45
Eneko Banderas podiumean. / E. B.

Txapelduna izateko, lehiaketako azken lasterketa irabazteaz gain, bira azkarrena lortu behar zuen, eta horrela egin zuen gidari laudioarrak Aragoiko Motorland zirkuituan.

Asteburu bizia izan dute Eneko Banderas motor gidariak eta bere taldeak Aragoin. Izan ere, XZ Cup lehiaketako txapelduna izatea lortu zuen laudioarrak, baina horretarako lasterketa ia perfektoa egin behar izan zuen igandean.

Berez, Banderas sailkapeneko bigarrena sailkatu gisa heldu zen Alcañizera eta erronka handia zuen aurretik. Igandean irabazi behar zuen lasterketa eta gainera, bira azkarrena bete, horrek bi puntu gehiago emango baitzizkion. Sari gehigarri horrekin, laudioarrak berdinduko zuen lehen sailkatuarekin, baina lasterketa gehiago irabazi izanagatik, txapelduna izango zen.

Larunbat gazi-gozoa

Helburu hori buruan izanda, larunbatean krono proba egin zuen eta bira azkarrena burutu zuen Banderasek, bere aurreikuspen guztiak gaindituta, minutu bat eta 59 segundoko marka ezarri zuen. Poztasunak, ordea, ez zuen gehiagi iraun. Arratsaldeko lasterketan matxura izan zuen motorrean eta bigarren biran proba utzi behar izan zuen.

"Une horretan pentsatu nuen txapeldun izateko aukera guztiei agur esango niela, ez genekielako matxura oso larria zen edo ez. Dena den, motorra arakatu eta analizatu ondoren, konpondu zidaten gauean eta igandean lasterketako irteeran egon nintzen", azaldu du gidariak.

Eta parte hartzea hobezina izan zen. Alde batetik, urteko irteerarik onena egin zuen eta, proba irabazi ez ezik, bira azkarrena ere berea izan zen. Horri guztiari esker, Espainiako estatuko XZ Cupeko txapelduna izan zen.

Banderasek esker hitzak izan ditu berarekin lasterketetara joan diren bi lagunentzat, Ricky Hernandez eta Andoni Virtus: "Lan pilo egin dute mekanikan eta beste arlo askotan. Doako lana, gainera".

Hurrengo denboraldiari begira, erabateko motibazioa dauka laudioarrak, eta jadanik hasi da babesleen bila, kalitate jauzia egiteko berriro.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide