2023ko aurrekontuak aurkeztu zituen atzo Laudioko Udal Gobernuak. "Orain arteko aurrekonturik handienak" direla azpimarratu du korporazioak. Izan ere, ia 25 milioi euroko kontuak aurkeztu dituzte, 2021eko azaroan onartutakoak baino %9,2 handiagoak. Guztira 24.994.382 euro bideratuko dituzte datorren urterako. kopuru horri gehitu behar zaio Udal Euskaltegira bideratuko diren 823.465 euroak.
Aurreikuspenen arabera, datorren asteleheneko (azaroak 14) Udal Osoko Bilkuran onartuko dituzte kontuak, EH Bilduk aurka bozkatuko duela aurreratu duen arren. Ander Añibarro alkateak "mugarritzat" jo du aurrekontuak urtea amaitu aurretik onartu ahal izatea. "Laugarren urtez jarraian aurrekontuak urtea bukatu aurretik onartu ditugu. Orain arte ez da hori gertatu Laudioko Udalean. Honek asko erraztuko du datorren urteko kudeaketa", azpimarratu zuen Añibarrok atzoko aurkezpenean.
24.994.382 eurorekin, "orain arteko aurrekonturik handienak" direla azpimarratu du EAJren korporazioak
Aurrekontu berrituak
Ander Larrinagak nabarmendu zuen proposatutako aurrekontuekin Laudio "udalerri erreferente bilakatu" nahi dutela. "Etorkizuneko Laudioren aldeko apustua dira aurrekontu hauek", azaldu zuen zinegotziak. Larrinagaren hitzetan, aurrekontu "handinahi bezain errealistak" dira honakoak, pandemiaren osteko suspertzea adierazten dutenak. Lidergotza hori hiru aspektutan landu nahi dute: ekonomikoa, soziala eta kulturala. Aurrekontu partidetako ardatz nagusiak zerbitzuen kontsolidazioa eta auzoetako azpiegituretan inbertsio estrategikoak dira, udal ordezkariak zehaztutakoaren arabera.
Arlo sozialean, esaterako, enplegu programak eta laguntza zerbitzuak jarriko dituzte abian, guztira 62.000 euro bideratuz. Arlo kulturalean programa kultural gehiago sustatu nahi dituzte, baita zenbait azpiegituretan inbertsioak bideratu ere. Herriko eragile sozio-kulturalen diru-laguntzak ere handituko dituzte, jaietako diru-laguntzak %10 handituz, laguntza izendunak jasotzen dituzten eragileen diru kopurua %5 handituz edota konkurrentzia askeko diru-laguntzak %60 igoz.
Inbertsio nagusiak
Auzoetara bideratutako partidek hartzen dute inbertsioen zatirik handiena, 5,7 milioi euro, aurrekontuaren %20 inguru. Kirol eta kultura ekintzek, aldiz, 3,3 milioi euro jasoko dituzte guztira. Horren barruan sartu dituzte, hala nola, Granja kiroldegiko irisgarritasuna hobetzeko obrak edota Aretako Kultur Etxean egin beharreko lanak.
Herriko kaleak asfaltatzeko 265.000 euro bideratuko dituzte, aparkaleku berriak egiteko, aldiz, 225.000 euro
Inbertsio zehatzak ere aletu zituzten asteazkeneko aurkezpenean. Herriko kaleak asfaltatzeko 265.000 euro bideratuko dituzte, eta aparkaleku berriak egiteko, aldiz, 225.000 euro. Aretan eta Lamuzan atonduko dituzten kirol-kantxetarako 125.000 euroko inbertsioa aurreikusi dute. Ellakuriko igerilekuan hobekuntzak egiteko, eta aurtengo arazoak saihesteko asmoz, 90.000 euro bideratuko dituzte. Skatepark zaharraren berriketak, ordea, 80.000 euroko aurrekontua izango du. Azkenik, 50.000 euro gorde dituzte liburutegi zaharra zegoen lekuan Gazte Leku berri bat irekitzeko.
Inbertsio hauetatik kanpo geratzen dira, besteak beste, honezkero onartuak dauden bestelako proiektuak; antzokia eta Etxebarri baserriaren konponketa, esaterako.
Europako funtsak
Azaldutako proiektuez gain, beste hiru proiektu Europako Next Generation funtsekin finantzatzea espero du Udalak. Erresidentzia zaharraren konponketa, Abasto merkatuaren berriketa eta proiekzioa eta Arza eraikina eraikin jasangarri bilakatzea dira hiru egitasmo horiek. Añibarrok azaldu zuenez, finantziazioa lortu ezean proiektu hauek aurrekontura nola gehitu ikertu beharko du korporazioak.
Anbizio falta, EH Bilduren iritziz
EH Bilduk ohar baten bidez errefusatu egin ditu Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontuak. Oposizioko taldearen iritziz, aurkeztutakoak "ez du anbiziorik eta ez dio erantzuten ez egoera sozioekonomikoari, ezta Laudioko herritarren beharrei ere".
"Aurrekonturik handiena dela diote, baina doiketak eta inbertsio plana onartu ostean 2022ko aurrekontua 29 milioi eurokoa da, aurkeztutakoa baino 4 milioi handiagoa"
2023rako aurkeztutako 25 milioi euroko aurrekontua, 2022koa baino baxuagoa dela gogorarazi du koalizo abertzaleak. "Aurrekonturik handiena dela diote, baina doiketak eta inbertsio plana onartu ostean 2022ko aurrekontua 29 milioi eurokoa da, aurkeztutakoa baino 4 milioi handiagoa", azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari Santi Hernando bozeramaileak, "2021ean gastatutako berdina gastatzea aurreikusi du Udal Gobernuak aurten". “Krisi ekonomiko, energetiko eta klimatiko baten erdian gaude, eta premiazko neurriak hartu behar dira. Aurrekontu horiek ez dute anbiziorik, adabaki bat dira, eta ez diete erantzuten ez Laudioko beharrei, ezta gure udalerriaren erronkei ere”, gaineratu du Hernandok.
Asteleheneko Udal Osoko Bilkurari begira, bere posizioa ere argitu du oposizioko talde politikoak: EH Bilduk aurrekontuak errefusatu eta aurka bozkatuko du.
EH Bilduk orotara 25 zuzenketa erregistratu zituen aurrekontuen eraketa prozesuan, 2 milioi euroko baliokoak. "Proposamenen artean, klima-aldaketaren aurkako borrokarekin zerikusia dutenak nabarmentzen dira. Udalak aldaketa klimatikoari aurre egiteko ekintza plana eta sentsibilizazio kanpainak egin beharko ditu aurki, elektrizitatearen erreziboan aurreztea eta CO2 isurketak murriztea helburu. Horretarako, EH Bilduk 500.000 euroko diru partida proposatu du, hurrengo urteotan handitzeko asmoz", azaldu du Hernandok.
Euskararen egoeraren gaineko kezka ere islatu nahi izan du EH Bilduk aurrekontuei aurkeztutako zuzenketetan. Euskararen kale erabilerak argitara ekarritako azken datuak "larritzat" jo ditu koalizio abertzaleak, eta 150.000 euroko partida proposatu du euskararen kale erabilera sustatzeko ekintzetara bideratzeko.
Azkenik, beste 50.000 euroko partida proposatu du EH Bilduk, udaletxe ondoko lur sailean nagusientzako eta gazteentzako etxebizitza komunitarioak eraikitzeko proiektua abiatzeko.