Ez-ohiko udalbatza egin zuten atzo Laudion, eta 2023ko aurrekontuaren onarpena batzar hori deitzeko arrazoi nagusia izan bazen ere (EAJ, PSE-EE eta Omnia alde agertu ziren), polemika gehiena beste puntu batek eragin zuen. Hain zuzen, EAJk eta PSE-EEk proposatu zuten bost lanpostuko euskarazko derrigortasun-data kentzea enplegu publikoa egonkortzeko ez-ohiko prozesuan.
Ander Larrinaga alkateordeak azaldu zuen baldintza hori ez dela desagertuko, baina bai derrigortasun-data (hau da, ez da derrigorrezko exijentzia hurrengo lan deialdian). Larrinagak adierazi zuen aldaketa horren helburua dela egungo udal langile guztiek aukera izatea prozesuan parte hartzeko.
Omnia aurka
Alvaro Barrios Omniako bozeramaileak aitortu zuen administrazio publikoetan dagoen denboraltasunak eragin dituela premiazko neurriak hori konpontzeko, eta babestu zuen egitasmoa. Hala ere, zalantzan jarri zuen egungo udal langileak behargin onenak izatea ardurak betetzeko eta kritikatu zuen gazteek ez dutela oposiziotan parte hartuko berdintasun egoeran. "Berdin dio zein onak diren, euren aurkako 5-0 batekin abiatuko dira azterketan", kritikatu zuen alderdi independenteko kideak.
Horrela, Barriosek azaldu zuen langile hobeak lor daitezkeela herritarrei ematen zaien zerbitzua hobetzeko eta horregatik, besteak beste, ez dutela babesten lanpostuen profilen gainetik jartzea egungo udal beharginen jarraipena.
EH Bildu ere kontra
Lamia Arcas EH Bilduko kideak ere gogor kritikatu zuen Udal Gobernu Taldeak hartutako bidea eta horregatik bozketa nominala eskatu zuen: "Argi irudikatzeko nortzuk egiten duten euskararen alde eta nortzuk kontra".
Izan ere, Arcasen aburuz, derrigortasun-dataren aldaketa euskararen kontrako neurria da eta honakoa azpimarratu zuen: "Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikaren txostena erabakiaren kontrakoa da, Laudioko Euskara teknikariak ere ez du alde egin, eta sindikatuen iritziaren kontrakoa ere bada".
EH Bilduren iritziz, derrigortasun-data kenduta, euskalduntzearen kontra egingo du Udalak eta adibide gisa jarri zuen 45 urtetik gorako langileek ez dutela euskara eskakizuna betetzeko beharrik. "Udal langile batek badaki zein baldintza eskatzen diren erakunde batean, eta zenbait titulu beharrezkoak direla lan egiteko", erantsi zuen EH Bilduko ziengotziak.
Gainera, Arcasen ustez, erabakia ez da berdinzalea izan eta kontu-hartzailearen kasua aipatu zuen, berari erretiratu baitzaio euskara eskakizunaren derrigortasun-data.
"Ez erabakirik onena, baina bai egokiena"
Ander Larrinaga alkateordeak ez zuen nahi izan eztabaidan gehiegi sakondu. Hala ere, ziurtatu zuen bazekiela erabakia ez zela onena, "baina kudeaketa lanak egitean zenbait gauza bidean geratzen dira". Horrela, Larrinagak azaldu zuen hautatu behar zutela langile guztien edota derrigortasun-dataren artean eta lehenengoen alde egin zutela.
Alkateordeak azpimarratu zuen enplegu publikoa egonkortzeko prozesua sententzia baten ondorioa dela eta, hortaz, derrigorrezkoa dela eta parametro batzuen barruan egin behar dela.