Urrian ekin zioten Ferroko langileek Aretako fabrikaren aurrean elkarretaratzeak egiteari, euren lan baldintzak hobetzea eskatzeko. Grebara joateko asmoa zuten hilabate honen hasieran, baina azkenean bertan behera utzi dute mobilizazioa, zuzendaritzarekin akordioa lortu ostean
Enpresan ordezkaritza duten sindikatuen gehiengoak (UGT, CCOO eta Independenteak) babestu du akordioa, eta langileen batzarrean ere gehiengoa agertu zen proposamenaren alde.
LABen irakurketa
LABek, aldiz, nabarmendu du lortutakoa ez dela nahikoa. Sindikatu abertzaleak gogorarazi du langileek lau aldarrikapen-puntu jarri zituztela mahai gainean, eta enpresaren proposamenak bakarra baino ez duela aintzat hartzen: soldataren igoera “eskas” bat: “igoera hori soldata kontzeptu guztiei aplikagarri izatea bermatu gabe”. Gainera, erakundeak azpimarratu duenez, enpresak ez du inolako bermarik eskaini beste hiru puntuen inguruan.
LABen arabera, greba egunak deituta zeuden lau puntu horien alde borrokatzeko, “baina enpresak eskainitako proposamenarekin CCOO, UGT eta Independenteen jarrera aldatu zen, horren alde lerratu ziren eta greba bertan behera uztearen ideia zabaltzen hasi zen”.
Horren eskutik etorri zen “desmobilizazioa”, sindikatuaren aburuz: “ langileon batzarrean bozketa estu batekin eta sindikatuen gehiengoa greba bertan behera uztearen alde egonda, greba bertan behera uzteko erabakia hartu zen”.