GOIATZ URKIJO CASTAÑARES

"Gauza handiak mugitzen dira gure barnean Euskaraldiak iraun bitarteko hamabost egun hauetan, eta espero dezagun hamasiegarrenetik aurrera ere mugitzea"

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko aza. 24a, 07:00

Euskaraldiko koordinatzaile nagusia da Goiatz Urkijo laudioarra. / Aiaraldea.eus

GOIATZ URKIJO CASTAÑARES (Laudio, 1994) Euskaraldiko koordinatzaile nagusia da, eta buru-belarri dabil ariketa sozio-lingustiko erraldoiaren antolaketa lanetan. Euskaraldia hasi berritan tartea atera du Aiaraldea Komunikabidearekin hamabost egunez luzatuko den ekimenaren inguruan hausnartzeko.

Iragan azaroaren 18an abiatu zen Euskaraldiaren 3. eidizioa, eta abenduaren 2ra arte luzatuko da. Nola sumatzen duzue girioa?

Giro ona sumatzen dugu. Egia da kostatu izan zaigula batzordeak aktibatzea, urte nekeza izan baita euskalgintzarako. Korrika eta Euskaraldia urte berean batu dira eta kostatu da martxa hartzea, baina esango nuke uda ostetik hona giroa asko berotu dela, jende asko animatu da Euskaraldia ere prestatzera. Azken asteak erabakiorrak izan dira giro hori sortze aldera.

Korrikaren lekukoa harturik aurkeztu zenuten edizio berri hau, pandemiaren ostean zein egoeran dago euskalgintza?
Nik uste euskalgintzak gaur egun ezinbestekoak dituela horrelako ekimen handiak. Pandemiak min handia egin du, harremantzerako orduan eta abar, eta nabaritu egin dugu hori gure antolakuntzan.

Hasieratik, urtarrilean Korrikako antolatzaileekin egindako artikulu bateratuan, beti esan dugu aurtengo urtea hitza eta ekintzaren urtea izatea nahi genuela. Eta nik uste dut horretan ari garela. Korrikak kristoren ilusioa piztu zuen eta irudi ikusgarriak utzi zituen udaberrian, eta espero dezagun ere Euskaraldiak irudi ikusgarriak uztea ere, milaka txapa ikustea hamabost egun hauetan kalean.

Ikusi dugu jendea gogotsu dagoela berriro elkartzeko, pandemia ostean gauza berriak egiteko, eta giro hori sumatzen dugu azken egun hauetan.

Duela lau urte sortu zen Euskaraldiaren hirugarren edizioa da honakoa. Nolako garapena izan du ariketak edizio eta urte guzti hauetan zehar?

Esango nuke honakoa dela Euskaraldiaren edizio erabakiorra, edo benetako Euskaraldia izango den edizioa. Lehenengoa lehenengoa izanagatik, oso emozionantea izan zen, ilusioa piztu zuen, jendeak ez zekien zertara gentozen. Lehenengoak ekarri zuen ezjakintasun horretatik jendearen motibazioa eta ariketa ezagutzeko gogo hori; 230.000 lagunek parte hartu genuen.

Bigarrena pandemia bete-betean egin genuen, eta egite hutsa oso positibotzat jo genuen koordinaziotik; pandemia garaian euskara agenda sozio-politikoan jartzeko balio izan zuelako.

Hirugarrena uste dugu benetan izango dela erabakiorra, benetako Euskaraldia. Aurrekoa baino baldintza hobeagoetan egingo dugulako eta uste dugulako ere jendarteak badakiela zer nolakoa den ariketa, ezagutzen ditu rolak honezkero…

“Gure inertziak eta hizkuntza-ohiturak euskarara hurbiltzea da Euskaraldiaren helburua”

Euskararen kale erabileraren azterketek datu kezkagarriak utzi berri dituzten testuinguru batean ospatuko da Euskaraldiaren edizio berria. Horren aurrean nolako irakurketa egiten duzue?

Guk beti esan dugu Euskaraldia ez dela euskararen aldeko kanpaina bat; hau da, ez dugu txapa bat jartzen euskararen alde gaudela esateko, baizik eta euskararen alde egotetik euskararen alde egitera goazela esateko janzten ditugu ‘ahobizi’ eta ‘belarriprest’ txapak.

Aipatutako egoera hori iraultzera dator Euskaraldia, gure inertziak eta gure hizkuntza-ohiturak euskarara gehiago hurbiltzeko, eta euskararen kale erabilera hori noski hamabost egun hauetan handitu dadin, baina gerora ere arrastoa utzi dezan Euskaraldiak hurrengo 365 egunetan.

Badakigu Euskaraldia ez dela tresna magikoa, eta ez duela egoera egun batetik bestera aldatuko, baina badakigu lagungarria dela, aurreko bi edizioetako ikerketek ere hori erakutsi digutelako.

Aipatu duzu gizarteak hirugarren edizio honetarako barneratuak dituela ariketa sozio-lingustikoaren rolak; baina bada rol bat lehenengo edizioan esistitzen ez zena, eta aurrekoan estreineko aldiz aurkeztu zena: ‘ariguneak’. Zertan datza zehazki ariketara gehitutako azken aldagai hau?

Definizioz ‘ariguneak’ dira euskaraz lasai aritzeko guneak. Baina zergatik dira euskaraz lasai aritzeko espazioak? Bada bertan, ‘ahobizi’ eta ‘belarriprestak’ aurkituko ditugulako. Horrek esan nahi du ‘arigunearen’ identifikagarria ikusten dugunean, bertan gutxienez pertsona bat egongo da euskaraz ulertzen duena. Euskaraldiaren gakoa, hain zuzen ere, hori da; Euskal Herri osoan babesgune erraldoi bat sortzea euskaraz lasai aritzeko.

Badakigu euskaldunok zer nolako estres-lingustikoa bizi dugun egunero leku berri batera iristerakoan edo pertsona ezezagun baten aurrean jartzerakoan: Euskaraz jakingo ote du? Nola zuzenduko naiz berarengana? Euskaraz egingo diot lehen hitza?

‘Ariguneak’, ‘ahobizi’ eta ‘belarriprest’ rolekin batera, alde batera uzten du estres-lingustiko hori. Ariguneak entitateetan sortu ditugu. Entitatetzat ez ditugu bakarrik enpresa handiak eta erakunde publikoak hartzen, entitateak er ebadira gure egunerokobizitzan topatzen ditugun betse espazio asko ere: guraso-elkarteak, kirol-elkarteak, ostalaritza eta merkataritza espazioak...

Azaroaren 18an hasi zen Euskaraldia, kopuruetara ekarrita nolakoa ari da izaten azken edizio hau? Zeintzuk dira ariketatik espero dituzuen emaitzak?

Une honetan ez daukagu daturik une honetan, nagusiki izen-emate sistema aldatu egin dugulako aurreko edizioekin alderatuta. Lehenengo eta bigarren edizioan parte hartu dugun ‘ahobizi’ eta ‘belarriprestok’, gure izen-ematea berretsi besterik ez dugulako egin behar izan. Abenduaren 2an egingo dugu balorazio agerraldia eta hor hitz egingo dugu gehiago datu kuantitatiboez.

Aurtengo helburua, ordea, datu kuantitatiboetatik harago emaitza kualitatiboetara jotzea izan da. Noski behar dugula lehenengo edizioak suposatu zuen masibotasun hori, Euskal Herri mailako euskararen babesgune erraldoi hori eraikitzeko. Baina ez genuke datu horietan zentratu nahi; badakigu milaka izango direla, giro onean joan da izen-ematea azken egunetan. Olatuak izaten dira, eta despistatuek ere badute oraindik ere parte hartzeko tartea.

Ergain kualititatiboa da orduan aurtengo Euskaraldiaren erronka nagusia. Zer emaitza espero dituzue aspektu horretan?

Aurreko edizioetan bezala ikerketa egingo dugu. Siadecok gidatuko du ikerketa hori, eta Euskaraldiak norbanakoengan zer nolako eragina duen neurtuko duen. Eragin kualitiatibo horrekin jarraituz, aurtengo edizioetan parte hartu duten guztieti eskatu diegu aurreko bi edizioetako lorpenetan pentsa dezaten; zer lortu zuten ekimenari esker? Ba agian lagunekin euskaraz gehiago hitz egitea, lantokian bilerak euskaraz egitea… Behin hori eginda aurtengo edizioan zer lorpen eskuratu nahiko luketen erabakitzea eskatu diegu, eta helburu guzti horiek bistaratzeko lana egin dugu guk. Ondokoaren lorpenak ezagutzen ditugunean, egingarriago ikus ditzakegu gure erronkak ere. Ikerketak ikerketa, gauza txiki, ertain eta handiak mugitzen dira gure barnean hamabost egun hauetan, eta espero dezagun hamasiegarrenetik aurrera ere mugitzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide