Laudioko Antzokiaren obra esleitu izana goraipatu du EAJk

Txabi Alvarado Bañares 2022ko aza. 23a, 12:56

Antzokiaren proiektuaren irudia. / Laudioko Udala

Antzokiarekin batera eraikiko diren igogailua, arrapala eta begiratokia nabarmendu dituzte jeltzaleek, besteak beste. 

"Laudioko Antzokia errealitate bihurtu da". Hala aldarrikatu du Laudioko EAJk gaiari buruzko plazaratutako prentsa oharrean. Alderdi jeltzaleak goraipatu du azpiegitura eraikitzeko obra ofizialki esleituta dagoela jada, "5.377.357,30 euroko aurrekontuarekin, gehi 1.129.245,05 euroko BEZa". 

Ander Añibarro alkatearen adierazpenak ere jaso dituzte oharrean. Alkate jeltzalearen aburuz, "urrats handia" da albistea, eta "Udal gobernuak herriarekin duen zor historiko bati" erantzuten dio. Gobernuruak aurreikusi duenez, obrak 2024aren amaierarako bukatuko lirateke, "ziur aski". Finantziazioari dagokionez, jeltzaleek gogoratu dute Udalak jarriko duela diru gehiena; “hala ere, Arabako Foru Aldundiak bi milioi euro jarriko ditu, eta Eusko Jaurlaritzak beste milioi erdi”.

Horrez gain, EAJk nabarmendu du lehiaketa irabazi duen enpresak igogailu bat eraikitzea ere aurreikusi duela, sarreratik eraikineko terrazaraino joango dena. "Horri esker nabarmen hobetuko da etorkizuneko Latiorroko Osasun Zentrorako irisgarritasuna", azpimarratu du Añibarrok, eta gehitu du %8tik beherako malda izango duen arrapala bat ere eraikiko dela, "San Martin kaleko 3. zenbakiraiko iristeko. Kale hori alboko fatxadaren luzapen bat izango da".

“Plaza-begiratoki publikoa” 

Horrez gain, antzokiaren ezaugarri orokor ugari aletu ditu EAJk. Zehaztu dutenez, eszena-aretoak 442 besaulki izango ditu, aniztasun funtzionala duten pertsonentzako beste 10-15ekin batera. Hala ere, orotara, 500 pertsona sartu ahalko dira, "harmaila erretraktilen sistemari esker". Eraikinean taberna-kafetegi bat ere egongo dela aurreratu dute, "sarrera independetea izango duena, antzokia itxita egon arren funtzionatu ahal izateko". 

Gainera, "erabilera publikoko plaza-begiratoki bat" ere atonduko dute, "eraikinaren estalkia baliatuta". EAJk ziurtatu du espazio hori "oso ondo integratuta" egongo dela aldameneko etxebizitza-eraikinekin".

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide