Aurreko deialdia bertan behera utzi eta gero, Udalak eskaintza bat jaso du Laudio Antzokia eraikitzeko obren bigarren lehiaketan. Altuna y Uria izan da proposamena egin duen enpresa eta tokiko erakundeak azaldu du aztertzen ari direla baldintza guztiak betetzen dituen.
Horrela izanez gero, tokiko erakundeak lanak esleituko lizkioke eta obra urtea amaitu baino lehen hasiko litzateke. Gauzak horrela, eta aintzat hartuta 24 hilabeteko lanak direla, 2024an irekiko lituzke ateak.
Gogoratu beharra dago aurreko lehiaketan enpresek baxuegitzat jo zutela Laudioko Udalaren aurrekontua, 5.180.863,11 eurokoa.
Edonola ere, hori ez da izan Laudio Antzokiak izandako atzerapen bakarra. 2018an Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak helegitea jarri zuen proiektuaren lehiaketan eta 2019an exekuzio proiektuaren kasuan beste helegite bat egon zen.
Altuna y Uria
Altuna y Uria enpresa oso ezaguna da Euskal Herrian. Alde batetik, 1975etik obra publikoetan oso modu aktiboan lan egiten du; Leitzarango Autobidea, Eibar-Gasteiz AP-1 autopista, Kursaal eraikina, Zubietako Erraustegia...
Hain zuzen, proiektu handi horietako batean parte hartzeagatik agertu zen enpresaren izena hedabide guztietan, 2008ko abenduaren 3an ETAk Inaxio Uria -konpainiako sortzailearen semea eta enpresaburua- hil baitzuen, Abiadura Handiko Trenaren aurkako kanpainaren barruan.