Laudio Institutuko hainbat eta hainbat ikasle elkartu dira gaur goizean azaroaren 25eko egitarauaren barruan antolatutako ekitaldian. Indarkeria matxistaren hiletaren antzezpena egin dute ikastetxeko frontoian. Biolentzia mota guztiekin amaitzeko bidean, euren burua "beldur gabe eta ahaldunduta" aldarrikatu nahi izan dute ikasleek.
Ortzadar Batzordea
Ez da hutsetik abiatutako ekimena izan gaurkoa, institutuko ikasle, irakasle eta langile talde bat iragan ikasturtetik darama elkartzen indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko asmoz. Aurten egitasmoarekin jarraitzea erabaki eta Ortzadar batzordea deitu diote taldeari, "kolektibo gehiago borrokan elkartzeko asmoarekin".
Aste luzez ibili dira elkartzen gaurko performancea prestatzeko. Orain aurrera begira jarri dira; martxoaren 8ko mobilizazioak dituzte ortzimuga, baina, tartean, indarkeria mota ororekin amaitzeko lanean jarraituko dute; hala nola, LGBTQ+ kolektiboak pairatzen duen indarkeriaren aurka. "Baztertuta dauden kolektibo guztiak bildu nahi ditugu institutuan dinamika desberdinak martxan jartzeko, proposamen guztiak dira ongi etorriak" adierazi dute gaurko elkarretaratzean.