Datorren abenduaren 17an, larunbatean, emango ditu Altzarrate Kirol Elkarte Kulturalak aurtengo Altzarrate sariak. Zazpigarren aldia da sariok banatuko dituztela eta, ohi legez, lau kategoriatan emango dituzte, 'Altzarrate bereziaz' gainera.
Elkarteak aiaraldearrak animatu ditu sari banaketara gerturatzera. Lamuza Parkeko kasinoan izango da abenduaren 17an, 18:00etan.
Sarien irabazleak ere aurreratu ditu elkarteak: CD Laudio saria Adrian Alvarez futbolariarentzat izango da; Kultura saria Esti Urresola zinemagileak eramango du; Ibilbidea saria Edu Frutos atleta beteranoak jasoko du; eta Kirola saria Itxaso Escondrillas atletak.
Urtero bezala, Altzarrate berezia saria ere banatuko dute. Kasu honetan, La Milagrosa Ikastetxeari emango diote, 100. urteurrena ospatzeko.