Ezohiko prentsaurrekoa egin dute gaur Laudioko EH Bilduko kideek. Oraingo zinegotziek ez ezik, aurreko legealdiko udal gobernuko ordezkariek ere hartu dute parte agerraldian, Antzokiaren proiektuaz hitz egiteko.
Iragan astean jakinarazi zuen koalizioak Espainiako Estatuko aurrekontu orokorren negoziazioetan adostu duela 2 milioi euro erreserbatzea kultur-azpiegitura eraikitzeko. Erabaki horren atzean dauden arrazoiak azalzea izan da, hain zuzen, gaurko agerraldiaren funtsa.
Natxo Urkixo alkate ohia eta Nagore Gomara egungo zinegotzia arduratu dira oharra irakurtzeaz. Euren hitzetan, Antzokiaren beharra da “laudioarren artean adostasun handia” duen gauzetako bat. “Inork ez du ulertzen zelan gaur egun, 2022an, oraindik ez dugun Laudioko kultur eragile zein artisten jarduera sortzaile aberats eta oparoari eskaintzeko espaziorik”, nabarmendu dute.
EH Bilduren aburuz, “blokeo politikoa” dela eta atzeratu da proiektua orain arte, baina gogorarazi dute prozesua duela bi legealdi abiatu zela: “EH Bilduren lehen agintaldian, 2011-2015ean, egindako lehentasunen galdetegian eta Laudio 2025 oinarri estrategikoetan, argi geratu zitzaigun Antzokia errealitatea izatea nahi bagenuen hiru gai argitu beharra genituela: proiektuaren eredua, antzokiaren kokapena eta honen finantziazioa. EH Bilduk, gobernuan zein oposizioan, hiru aspektu hauek desblokeatzen lagundu du”.
Bide horretan, 2011n gertatutakoa ekarri dute gogorra oposizioko talde politikoko kideek: “Estatuko Aurrekontu Orokorretan esleitutako diru-partida bat itzuli behar izan zenean, une hartan aurreikusten zen proiektu faraonikoari erantzuteko nahikoa ez zelako, alderdi subiranistatik ulertu genuen Laudioko egoera ekonomikora egokitutako proiektu bat baino ez zela bideragarria izango”. Orduan ekin zion EH Bilduk “antzoki proiektu bideragarri eta egingarri bat” defendatzeari, eta horren aldeko prozesua abiatu zuten bigarren legealdian.
Gogorarazi dutenez, garai hartan desadostasunak zeuden talde politikoen artean Antzokiaren kokapenari dagokionez: “Baina gure herriko familia politiko nagusi bien arteko akordioak, kultur espazioa Altzarraten kokatzeko erabakia ekarri zuen. 2022an, oraingoan oposiziotik, EH Bilduk berriz ere, kasu honetan Espainiako Kongresuan, bere indarra, borondatea eta bozka pertsonen beharretara eta gure herriaren zerbitzura jarri ditu”.
Ezberdintasunak “albo batera” uzteko deia
Espainiako Estatuko aurrekontu orokorretan lortutako akordioa “oso albiste ona” da, EH Bilduren ustez. “Diferentziak albo batera” uzteko deia luzatu du koalizioak, “herritarren adostasun nabaria” duten proiektuetan. “EH Bilduk bere kapital politiko guztia herriaren zerbitzura jarriko du oraindik herri gisa ditugun erronka handiei aurre-egiteko. Azken 11 urteotan erakutsitako erantzukizuna oinarri hartuz, lanean jarraituko dugu”.