Kulturlab taldeak jarduera bizia abiatu zuen pasa den astean, helburu honekin: Arabako Foru Aldundiak Lamuza Parkeko Plan Berezia bere gain hartzea, parte hartzerako aurrekontuen bidez. 600 sinadura behar dira horretarako eta kolektiboa itxaropentsu azaldu da.
Are gehigo, elkarteak uste du sinadura bilketa arrakastatsua izaten ari dela. Asteburuan mahaiak jarri zituzten Laudioko Herriko plazan, Batzalarrin kalean eta supermerkatu baten sarreran eta ehunka babes jaso zituzten. Horri gehitu behar zaio pasa den astean 260 sinadura bidali zirela Gasteizera.
Edonola ere, Kulturlabek eskatu die aiaraldearrei, eta bereziki laudioarrei, sinatzen jarraitzea: "Ez dugu tiraderan geratuko den plan berri bat nahi. Plan dinamikoa nahi dugu, herritarrek eta tokiko politikek babestu eta maite dutena eta Aldundiak bultzatu eta errespetatzen duena. Eta hori lortzeko bide onean gaudela uste dugu. Bide horri ondo ekiteko aukera paregabea dugu aurrean. Gogoratu epea ostiral honetan amaitzen dela, abenduaren 16an, eta, beharrezkoa den gutxienekoa gainditu arren, lor ditzakegun boto guztiek Arabako Foru Aldundiak Lamuza parkeari arreta handiagoa jartzeko balioko dutela. Horregatik, azken deialdia egin nahi dugu ahalegina areagotzeko eta egun hauetan Lamuza parkean kultur gune moderno, parte-hartzaile eta ekologiko bat bultzatzeko Plan berri bat sortzearen aldeko botoak are gehiago handitzeko".
Gainera, taldearen ustez, tokiko alderdiek gai honekiko adierazi duten adostasunak aurrekari gutxi ditu eta seinale ona da.