Altzarrate Sarien VII. edizioa izan zen larunbatean Kasinoan eta modu bizian ospatu zuten ekimena. Berez, Altzarrate taldeak Adrian Alvarez CD Laudioko jokalaria, Edu Frutos Laudio Atletismo Klubeko kidea, Esti Urresola zinemagilea, Itxaso Escondrillas lasterkaria eta La Milagrosa Ikastetxea omendu zituen.
Sari guztien banaketa hunkigarria izan bazen ere, aipatzekoa da Adrian Alvarezen eta Esti Urresolaren kasuan, euren amama eta amak jaso zituztela aitortzak, hurrenez hurren. Omenduek bideoak bidali zituzten. Hain zuzen, Urresolak ezin izan zuen parte hartu egitasmoan Forque Saria jaso behar zuelako Madrilen. Adrian Alvarezek, aldiz, partida zuen CD Laudiorekin. Edu Frutos ere nabarmen hunkitu zen saria Alberto Talledoren eskutik heldu zitzaionean, baina laster malkoak irribarre bilakatu zituen.
Doctor Lawson musika taldeak girotu zuen aurkezpena zenbait abesti joz.