Laudioko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berrikustea onartu du udalbatzak

Erredakzioa 2022ko abe. 28a, 10:30

Laudioko herrigune, zerutik ikusita. / Laudioko Udala

EAJ eta PSE-EEren botoekin egin zuen aurrera HAPO berrikusteko hasierako onarpenak eta hori gauzatzeko egingo den parte hartzerako prozesuak.

Laudioko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berrikusteko lehen urratsa egin zuen udalbatzak astelehenean. Gaur egun indarrean dagoena 1993an osatu zen eta bi urte beranduago sartu zen indarrean eta eguneratzeko hainbat saiakera egin dira azken 29 urteetan.

Gauzak horrela, udal gobernu taldearen botoekin onartu zen egitasmo bikoitza. Alde batetik, HAPOren berrikuspenaren hasierako onarpena egin zen. Bestetik, abian jarriko den parte hartzerako prozesua zehaztu zen, herritarren iritziak jasotzeko.

Mahai gainean uzteko eskaera

Omnia talde independenteak abstentzioaren bidea hartu zuen bozketan, baina EH Bilduk kontrako botoa eman zuen. HAPOren berrikuspena garrantzitsutzat jo bazuten ere, parte hartze prozesuarekin ez zuten bat egin eta horregatik eskatu zuten puntu hori mahai gainean uztea. Proposamenak ez zuen aurrera egin, baina koalizioak azaldu zuen, besteak beste, "parte hartzerako prozesuaren komunikazio kanpaina indartsuagoa eta errazagoa izan behar dela, jendeak erantzun dezan eta bere interesa pizteko".

Horrez gain, Lamia Arcas zinegotziak kritikatu zuen herritarren ekarpenak jasotzeko mekanismoa ahalbidetu behar dela, proposamen itxi baten gainean egin behar baitituzte ekarpenak eta batzuk planteamendu horretatik atera daitezke. Halaber, onartzen ez diren iradokizunei ere erantzun behar zaiela azpimarratu zuten eta nabarmendu zuten  HAPOren inguruan azken 29 urteetan sortutako dokumentazioa ere gehitu behar dela berrikuspenean.

Kontratazioa

Prozesuaren gidaritza eta HAPOren erredakzioa jadanik esleitu zituen Udalak abuztuan, 350.000 euroko kontratua eginda.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide