Looking kantarekin agurtuko du Lyrikanek 2022. urtea. Bere ohiko sorkuntza erritmoari eutsiz, abesti eta bideoklip berria plazaratu ditu artista laudioarrak. Artista laudioarraren sorkuntzen ohiko osagaiak ditu abestiak. Oraingoan ere dHastHBeats arduratu da musika ekoizteaz, errimo elektroniko indartsuak baliatuta.
Hala ere, sorkuntza-lana orain estreinatu duen arren, aspaldikoa da berez. "Duela bi urte grabatu genituen abestia eta bideoklipa", azaldu dio musikariak Aiaraldea Komunikabideari. Aitortu duenez, une hartan ez zegoen egoera animiko onean. "Horregatik kantatzen dut bueltaka nabilela".
Hala ere, abestia ez da ezkorra. Erritmo indartsuak ditu, eta letra ere aurrera begiratzeaz mintzatzen da. "Niretzat sortu nuen abesti bat da, eta letrak badu harrokeria puntu bat, laguntzen duelako indarra hartzen".
Abestiaren izenburua ere ez da nolanahikoa. "Looking izena jarri diot ('begira', ingelesez), beti nagoela gertatzen denari so, ez naiz herdoiltzen".
Etengabeko berrikuntza da, hain zuzen, musikari laudioarraren ezaugarrietako bat. Reggae doinuak kantatzen hasi zuen bere ibilbidea, DJ Funirekin batera, baina azken urteetan bidezidor elektronikoagoak hartu ditu lanabes, 'hiri musika' etiketaren barruak sartu ohi diren estiloak (drill-a, trap-a...) jorratuz.