Arabako PSE-EEk ohar bat kaleratu zuen iragan asteartean -urtarrilaren 17an-, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Laudioko Goiko Plazan eraikiko dituen 80 etxebizitza babestuak txalotzeko.
Oharrean aipatzen zuenaren arabera, VISESA sozietate publikoa arduratuko da etxebizitzak eraikitzeaz eta lanak 2024an hasiko dira San Juan errekaren ondoko urbanizazio berrian. Orotara, 12,5 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua erabiliko dute horretarako.
Laudion PSE-EEko zinegotzia den Loli Muriel Arocak Etxebizitza eta Garraio Sailaren lana nabarmendu zuen, bere hitzetan, “urrats bat gehiago egingo delako etxebizitza duina, egokia eta irisgarria izateko oinarrizko eskubidea aitortzeko eta bermatzeko”, eta horrekin “herritarren beharrei erantzuteko aukera ematen duen etxebizitza-politika eraginkorra” sustatuko delako.