Alkatearekin eta zuzendaritzarekin bilerak eta mobilizazioa egingo dituzte Glavistako langileek aste honetan

Txabi Alvarado Bañares 2023ko urt. 24a, 07:00
Iragan ostiralean egin zuten lehen elkarretaratzea Glavistako langileek. / Aiaraldea.eus

Enpresa Batzordea Laudioko alkatearekin bilduko da asteazkenean, eta batzarra egin nahi dute baita Laudioko fabrikako zuzendaritzarekin eta Parter Capitalekin. 

Aste mugitua izango da honakoa Autoglaseko langileentzat. Laudioko lantegi hori Glavista enpresaren barruan dago, beste bi fabrikarekin batera. Enpresa osoa hartzekodunen aurrelehiaketan sartu da, eta Laudioko langileak mobilizatzen hasi dira, egoera bideratzea eskatzeko. 

Iragan ostiralean egin zuten lehen elkarretaratzea, eta plan berdina egingo dute aste honetan: ostiralean -urtarrilak 27- bilduko dira lantegiko sarreran, 13:00etatik 15:00etara. 

Bilerak

Hala ere, ordura arte beste zeregin batzuk ere izango dituzte Enpresa Batzordeko kideek. Asteazkenean bilera egingo dute Ander Añibarrorekin. Laudioko alkateak eskatu die bilera langileen ordezkariei, Autoglaseko ELAren sail sindikalak azaldu duenez:  “Bilera hori aprobetxatuko dugu enpresaren egungo egoeraren berri emateko eta langile guztien etorkizunarekiko eta enpresaren bideragarritasunarekiko gure kezka helarazteko”.

Horrez gain, Enpresa Batzordeak bilera eskatu die Autoglaseko zuzendaritzari eta Parter Capitali, informazio eguneratua jasotzeko hartzekodunen aurrelehiaketari eta enpresaren balizko salmentari buruz. ELAk zehaztu dutenez, batzar hori ere aste honetan egin ahal izatea espero dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide