Arriskuan dago Laudioko Autoglas lantegia, Valentzia eta Alemaniako beste bi fabrikekin batera. Glavista da hiru faktorien enpresa jabea, eta hartzekodunen aurrelehiaketan sartu da. Modu horretan, zuzendaritzak zenbait hilabete izango ditu balizko erosle bat bilatzeko. “Albiste ona da, egoera oraindik bideratu daitekeelako. Baina, era berean, txarra da, epea amaitzen bada enpresa hartzekodunen lehiaketan sartuko litzatekeelako”. Hala azaldu diote Autoglaseko enpresa batzordeko kideek Aiaraldea Komunikabideari. Euren hitzetan, eroslerik ez balego, enpresa likidatuko lukete jabeek.
Gainera, beharginek salatu dute iazko maiatzetik daramatela aldi baterako lan-erregulazio espedientean murgilduta, eta beste sei hilabetez luzatu berri dietela. “Azken bi hilabeteetan ekoizpena erabat geldituta egon da”, nabarmendu dute, “etxean egon gara langabezia xahutzen. Hainbat lankidek euren kabuz alde egin dute dagoeneko, ezegonkortasunak bultzaturik”.
Parter Capitalen kudeaketa
Jatorriz, Guardianenak ziren Glavistaren Laudioko, Valentziako zein Karlsruheko (Alemaniako) fabrikak, baina multinazionalak Parter Capital Group AG inbertsio talde suitzarrari saldu zizkion hirurak 2020 hasieran.
Bere unean, Guardianeko zuzendaritzak nabarmendu zuen Parter Capital Group ez zela inbertsio talde hutsa, “enpresak erosi, egunean jarri eta berriz saldu” egiten zituelako.
Langileen ordezkariek, aldiz, oso bestelako iritzia dute une honetan Glavistaren jabeen inguruan: “Parter Capital ikertua izaten ari da Espainiako Entzutegi Nazionalagatik, Alu Iberica kasuan jazotako hainbat irregulartasun medio”.
“Eroslerik agertzen ez bada jabeek enpresa likidatuko dute”
Enpresa Batzordeko kideek Aiaraldea Komunikabideari argitu diotenez, enpresak irabaziak izan zituen 2021eko lehen seihilekoan, baina egoerak okerrera egin zuen lehengaien prezioen gorakada iritsi zenean. “Guk ez dugu ezer ekoizten, hirugarrenei erositako materiala eraldatzen dugu. Horregatik, enpresa dirua galtzen hasi zen”.
Zorraren negoziaketa
Parter Capitalek, gainera, ez du aparteko dirurik jarri proiektuan, beharginen aburuz: “Egia da hasieran hainbat inbertsio garrantzitsu egin zituela, 15 milioi inguru baliatuta orotara, baina diru hori enpresak jada zuen diru-kutxatik atera zuten, eta orain zorrak ditu”.
Zor horiek dira, hain zuzen, enpresaren balizko erosketa oztopatzen dutenak, langileen arabera. “Azaroan erosle batek eskaintza bat egin zuen, baina zorrak birnegoziatu behar dira horretarako”. Eusko Jaurlaritzak ere parte hartu du prozesuan. Erakunde publikoa Parter Capitalekin zein langileen ordezkariekin bildu zen iaz.
Bihar -ostirala- egingo dute lehen mobilizazioa, 13:00etatik 15:00etara lantegiaren aurrean
Guardianen erantzunkizuna
Egoera horren aurrean, mobilizatzen hasiko dira langileak. Ostiral honetan -urtarrilak 19- egingo dute lehen elkarretaratzea, 13:00etatik 15:00etara lantegiaren aurreran.
Enpresa Batzordearen iritziz, Guardianek du egoera konpontzeko gaitasuna, “berea baita Glavistak duen zorraren erdia inguru”. Gauzak hala, Laudion finkatutako multinazionalari presionatzea izango da mobilizazioen xedeetako bat, “egoeraren erantzule” delakoan.
Zortzi kidek osatzen dute Autoglaseko Enpresa Batzordea. Horietako 7 ELA sindikatukoak dira, eta zortzigarrena LABekoa da.