Aurrera doa Lamuzako Parkea berreskuratzeko plan berezia

Txabi Alvarado Bañares 2023ko urt. 30a, 15:10
Ehunka sinadura bildu zituzten ekimena aurrera ateratzeko. / Kulturlab

Proiektu proposamenak babes nahikoa jaso du Arabako Foru Aldundiaren 2023ko aurrekontu parte hartzaileetan sartzeko. 

Lamuzako parkea berreskuratzeko plan berezi eguneratua egingo du Arabako Foru Aldundiak, egitasmoak babes nahikoa jaso duelako aurrekontu parte hartzaileen prozesuan. Hala jakin izan zuten Kulturzaleak elkarteko kideek iragan astean. Elkarte horrek aurkeztu zuen proposamena Aldundiaren aurrekontu parte hartzaileetara, eta atxikimendu kanpaina zabala jarri zuen martxan, Laudio zein Aiaraldeko herritarren partetik babes nahikoa jasotzeko. 

Emaitza fruituak izan dituela dirudi, baina Kulturzaleak taldeko kideek nabarmendu dute ez dutela askoz informazio gehiagorik. Azaldu dutenez, iragan urtarrilaren 25ean jaso zuten Arabako Foru Aldundiko partaidetza-arloaren mezua, proiektuak babes nahikoa jaso zuela esanez. “Egunean zehar, telefono bidezko elkarrizketa labur bat izan genuen Lexuri Ugarterekin, AFAko parte-hartze zuzendariarekin”, kontatu dute kultur eragileko kideek gaiari buruz plazaratutako prentsa-oharrean, “elkarrizketa honetan, xehetasun gehiago eskatu genien hemendik aurrera eman beharreko pausoei buruz, baina esan ziguten dagokien sailek prozedura planteatu arte itxaron behar dela, eta, beraz, oraingoz ez dakigu ezer gehiago”.

Gauzak hala, Kulturzaleakeko kideek ez dakite oraindik zehazki zenbat diru bideratuko den egitasmoa garatzera, eurek proposamenean 100.000 euroko aurrekontua aurreikusi zuten arren. Era berean, ez dakite zer nolako parte hartzea izango dute proiektuaren garapenean. “Hasiera batean, gure eskaeran, testualki, eskatzen zen plan berria modu parte-hartzailean eta kultura-sarearekin batera diseinatu behar zela... baina ikusiko dugu zer ekarriko digun prozesuak”.

Hala ere, pozik azaldu dira elkarteko kideak, eskatutako botoen kopurua hirukoiztera iritsi zirela kalkulatuta. “Hori oso azpimarragarria da, kontuan hartuta botoak abenduaren 6ko eta 8ko jaietako 'zubibide' osoan bildu zirela, eta 2 aste baino gutxiagoko epean, oso lanegun gutxi izanik horien artean”.

Horregatik, eskerrak eman diete publikoki babesa helarazi zuten pertsona eta talde guztiei, “eta proposamenaren aldeko botoa eman duten guztiei ere, haiek gabe ezinezkoa izango baitzen helburua lortzea”.

Bukatzeko, Plan Berezia idazteko prozesuari  “adi” egoteko deia luzatu diete herritarrei, “ahal den prozedura guztietan” parte hartu dezaten, “ideiak, ezagutza eta ilusioa” eskainiz, “Laudioko Kulturaren Parkea eraikitzeko”.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide