Urtarrilean aurreratu zuten Ainize Gastaka proposatu zuela Laudioko EH Bilduko Mahai Politikoak 2023ko udal hauteskundeen alkategaia izateko eta gaur, prozesu osoa amaituta, koalizioko kide laudioarrek onetsi dute hautagaitza.
Laudioko zerrendaburuarekin batera, beste hamahiru herri arabarretan erabaki dute zein izango den euren alkategaia, Asparrenan, Arratzua-Ubarrundian, Añanan, Bastidan, Dulantzin, Eskuernagan, Gaubean, Iruraiz-Gaunan, Lagranen, Lantaronen, Legution, Moretan eta Ziekon, hain zuzen.
Laudion bertan jaioa 1985ean, Ainize Gastaka Zuzenbidean lizentziatuta dago eta abokatu espezializatua da arlo zibilean, administratiboan eta penalean. 2012tik, gainera, besteak beste, genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko ofiziozko txandako abokatua eta atxilotuari laguntzeko ofiziozko txandako abokatua ere bai. Laudioko gazte asanbladan, Ikastolako euskara batzordean eta gazte eta ikasle mugimenduan parte hartu du.