Laudioko saltokietan gastatzeko 1.000 euroko bono bat zozkatuko du Apillek Laudio Berrikusi aplikazioaren bidez. Aurreratu dutenez, martxoaren 31ean egingo dute zozketa, Dolumin Barikuko azokan.
Zozketan parte hartzeko gauza bakarra egin behar da: Laudioko establezimendu batean 10 euro edo gehiagoko erosketa bat egitea, eta tiketa Laudio Berrikusi aplikaziora igotzea. Aplikazioan sartuta, 'Club LB' botoia sakatu beharko da. Bertan, 'Zozketen' atala topatuko du erabiltzaileak, eta horren barruan egongo dira zozketa honetan parte hartzeko argibideak.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, 10 euro bakoitzeko parte hartze bat emango da. Hau da, norbaitek 100 euroko tiket bat eskaneatuko balu, adibidez, 10 parte hartze izango lituzke.
Martxoaren 29ra arte egongo da ekimenean parte hartzeko aukera. Apillek nabarmendu du Laudio Berrikusi aplikazioak 2.750 erabiltzaile dituela dagoeneko, eta hazten jarraitzen duela.