K7an argitaratu ditu Mental Issues taldeak bere lehen bi abestiak

Aitor Aspuru Saez 2023ko ots. 10a, 13:00

Bad Habits disketxearen bilduma.

Londreseko taldeak kide laudioarra dauka eta kalean dituzte jadanik bi abesti, Bad Habits disketxeak sortutako lehen bilduman.

Gorka FC laudioarraren musika taldeak, Mental Issues bandak, badauzka bere lehen bi abestiak -Desparrame eta Freedom- disko batean, A fistful of Bad Habits bilduman, hain zuzen. Zehazki, kantak K7an jaso dituzte. "Formatu hori oso bogan jarri da Londreseko punk taldeen artean", aipatu du bateria-jotzaileak.

Bilduma horretan parte hartzeko aukera Cambridgen eskainitako kontzertu baten ostean suertatu zitzaien. "Overload taldearekin jo genuen eta disketxearen bi kidek eramaten dute musika zigilua. Proposatu ziguten eta baiezkoa eman genuen", argitu du Gorkak.

Berez, bilduman bi abesti dituen talde bakarra da Mental Issues, apropos ez bada ere. "Printzipioz, abesti bakarra sartu behar genuen, baina oso motzak direnez, bi bidali genituen. Gero, Teok -disketxearen arduradunak- esan zigun bakarra izan behar zela eta bat hautatu genuen. Horren ostean, Teok aipatu zigun guk aukeratutakoaren ordez, nahiago zuela bestea, hobeto entzuten baitzen. Guri pasa zitzaigun erantzutea eta biak jaso ditu. Dena den, oso motzak direnez, beste askoren abestiak, bakarra izan arren, gureak baino luzeagoak dira", azaldu du Gorkak.

Laudioarra pozik dago emaitzarekin. "Talde oso onak daude. Egia esanda, gu gara okerrenak, baina hori bagenekien aurretik", adierazi du barrezka.

Etorkizuna

Mental Issues taldeak abesti berriak grabatzeko asmoa dauka eta laster, otsailaren 25ean, beste bi kontzertu izango dituzte. Horren ostean, apirilaren 29an beste zuzeneko emanaldi bat izango dute eta uztailerako euren lagun baten omenezko kontzertua prestatzen ari dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide