Panpoxa furgonetak lagunduta, Porrotx eta Marimotots herriz herri dabiltza 35. urtemuga ospatzen. Urte hauetan guztietan bizitako abenturak lagunekin partekatu nahi dituzte, eta otsailaren 24an Laudio bisitatuko dute Urteak bete, abenturak bizi! ikuskizunarekin.
Saioak ordubete luze irauten du eta datorren otsailaren 24an, ostiralean, Laudioko Lamuza kiroldegian egongo da ikusteko aukera. Iragan abenduaren 9an Amurrioko Bañueta Kiroldegian egon ziren urtemuga ospatzen.
Honela dio pailazo hirukotearen gonbidapen gutunak:
“Sudurgorrion bizitzan lagun egin ditugun hainbat lagun etorriko dira bisitan ospakizunean parte hartzera. Kantua, dantza eta denon parte-hartzea ez da faltako, ezta tarta erraldoia ere… Urteak betetzea garrantzitsua bada, are gehiago abenturak bizitzea! Eta hori izango da gure ospakizuna: beste abentura bat bizitzea!”.