Anbulatorio berriaren tramitazioa amaitu du Laudioko Udalak eta orain Eusko Jaurlaritzaren esku dago lizitazioa

Aitor Aspuru Saez 2023ko ots. 14a, 15:00

Proiektuaren irudia./ Laudioko Udala

Atzoko udal osoko bilkuran onartu zuten EAJ eta PSE-EEren botoekin hirigintza plan berezia, osasun zentro berria Latiorron kokatu ahal izateko. Omniak abstentzioaren bidea hartu zuen eta EH Bilduk kontra egin zuen.

Latiorron eraiki behar den osasun zentro berriak fase bat bukatu zuen atzo eta jadanik Osakidetzak ekin diezaioke lizitazioa egiteari.

Izan ere, atzo onartutako Hiri-antolamenduko Plan Bereziarekin -ZV37 Lateorrondo plan partzialeko Goikoganeko eta San Martingo ekipamendu-partzeletakoa-, Laudioko Udalak amaitu du azpiegitura berriaren tramitazioa.

Laudioko Udalak bukatu du osasun zentro berriaren tramitazioa eta Osakidetzak 12 milioi euroko lizitazioa prestatzeari ekin dio

Alegia, Ander Añibarro alkateak azaldu zuen Osakidetzarekin harremanetan egon zela atzo bertan eta 12 milioi euroko lizitazioa prestatzen ari direla ziurtatu ziotela.

Adostasun falta alderdien artean

Egitasmoak aurrera egin zuen EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu zutelako, baina Omnia abstenitu zen eta EH Bilduk kontra egin zuen.

Alkateak harridura adierazi zuen EH Bilduren jarrerarekin eta aipatu zuen koalizioko aurreko udalburu Natxo Urkixok behin baino gehiagotan eraman zuela udalbatzara anbulatorio berria egiteko beharra.

EH Bilduko zinegotzi Lamia Arcasek, ordea, azpimarratu zuen proiektua hauteskundeetara lotutako ekimena izan zela eta ez duela onurarik ekarriko herriarentzat: "Egungo anbulatorioa txiki geratu da ez direlako ematen zerbitzu nahikoak, eta osasun zentro berriak ez du eskaintza handituko, soilik eraikin berria egingo du. Ez du hobekuntzarik sortuko eta herritarren parte hartzerik gabe onartu da".

Proiektuak ez du adostasuna sortzen alderdien artean eta eztabaida piztu zen atzo

Añibarrok ukatu zuen hauteskunde egitasmoa izatea eta argudiatu zuen beste proiektu bat baztertu eta gero agertu zela aukera hori Laudion.

Omniak ere kritikatu zuen osasun zentro berriaren ideia. Independenteek uste dute eskualdeko ospitalea beharrezkoa dela, eta ez anbulatorioa. Besteak beste, alderdiak salatu zuen laudioarrek Gernikaraino jo behar dutela zenbait zerbitzu jasotzeko. Gainera, Alvaro Barrios zinegotziaren aburuz, zentroak atzeratu dezake balizko ospitale baten eraikuntza.

Hala ere, abstentzioaren bidea hautatu zuen Omniak. "Ez gaude ados proiektuarekin, baina inbertsioa nonbait egin behar bada, hemen izan dadila", adierazi zuen Barriosek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide