Erabateko jarraipena ari da izaten Laudioko Envases enpresako langileek deitutako grebak. Gaur goizean behargin ugari elkartu dira lantegi aurrean egin duten piketean. Grebalariek enpresaren produkzioa etenda mantendu dute, eta zuzendaritzako kide eta sekzioetako buru bakan batzuk baino ez dira fabrikara sartu.
LABek osatzen duen enpresa batzordeak lan hitzarmen berriaren negoziazioen testuinguruan deitu du lanuzte eguna. Urtarrilean ekion zioten hitzarmen berria adosteari. Langileen ordezkarien esanetan, zuzendaritzak aurkeztutako proposamenak aurreko lan hitzarmenean eskuratutako eskubide asko alboratzen zituen, eta "gutxienekoak betetzen ez zituela" aldarrikatu dute. Egoera horren aurrean, mobilizatzen hasteko erabakia hartu dute langileek.
Elkarretaratzea eguerdian
Greba egunaren barruan, elkarretaratzea egingo dute Envaseseko langileek 13:00etan. Goizean langile asanblada ere egingo dute, zuzendaritzarekin izandako azken bileren berri emateko. Iluntzean, aldiz, piketera batzeko deialdi berria egin dute, 21:00etatik 23:00etara.